Olivia Rodrigok emakume musikariekin osatutako ongintzazko jaialdia antolatu du

Olivia Rodrigok emakume musikariekin osatutako ongintzazko jaialdia antolatu du Musikariek ez dute kobratuko eta irabaziak ongintzara bideratuko dituzte. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/olivia-rodrigok-emakume-musikariekin-osatutako-ongintzazko-jaialdia-antolatu-du/@@download/image/olivia.png
2026/06/30

Testua: Maitane Legarreta

Musikariek ez dute kobratuko eta irabaziak ongintzara bideratuko dituzte.
Olivia Rodrigok emakume musikariekin osatutako ongintzazko jaialdia antolatu du

Olivia Rodrigo musikariak Daisy Chain Fields izeneko jaialdiaren berri eman du. Abuztuaren 29an izango da, Kaliforniako Irvine hirian, eta bertan joko duten artista guztiak emakumezkoak izango dira. Artistek ez dute dirurik jasoko zuzeneko emanaldiengatik, eta mozkinak ongintzan aritzen diren erakundeetara bideratuko dituzte.

Olivia Rodrigoz gain, Chappel Roan, Doechii, KatseyeMitski, the Breeders, Die Spitz, Bikini Kill, Eli, Garbage, Quiet Light, Rachel Chinouriri eta Not for Radio arituko dira jaialdian. Gonbidatu bereziak ere izango omen dira, tartean Stevie Nicks, Karen O eta Sarah McLachlan.

Hain zuzen ere, Sarah McLachlanek 90eko hamarkadan antolatu zuen emakumezko artistez osatutako Lilith Fair ongintzazko jaialdia izan du inspirazio Rodriguezek.

Jaialdiaren izena, Daisy Chain Fields ("Bitxilore-kateen zeilaiak"), Rodrigok buruan zuen irudi batetik sortutakoa da. Antza denez, zuhaitz baten azpian eserita zeuden neskak irudikatu zituen, bitxilore kateak, lore koroak edo adiskidetasun eskumuturrekoak eginez. "Bitxilore-katearen ideia ere gustatzen zait, norbanakoa baino handiagoa den kate honetan denok banakako katebegi izan ahal izatea". 

Instagramen azaldu duenez, "alaitasuna, komunitatea eta musika, aldaketa esanguratsu baten motorrak izan daitezkeela iruditzen zait, eta jaialdi hau halakoxea izatea espero dut". 

Ongintzan eta emakume edo neskekin zerikusia duten jardunetan aritzen diren hainbat erakunde izango dira tartean, esaterako haurrekin, ama diren emakume beltzekin, indigenen osasunarekin, ugalketa eskubideekin, eta etxeko langileekin loturikoak.