Olatz Salvadorrek, Mikel Urdangarinek eta Xamanak taldeak 'Ostera, bizi bizian' kontzertua emango dute Bilbon
Joan den udazkenean Olatz Salvador, Mikel Urdangarin eta Xamanak taldeak online eskainitako hiru kontzertuak aurrez aurre eta kontzertu bakar batean ikusteko aukera izango da ekainaren 17an Bilboko Kafe Antzokian. Udagoieneko Ostera kontzertu zikloa ohiko formatura itzuliko da, beraz, iaz egindako sareko emanaldien ostean. "Antolatzaileek zor genien zuzeneko emanaldi bat iazko edizioko hiru artistei eta, batez ere, herritarrei. Ezen gauza bat da zure musikari gustukoenak pantaila bidez ikustea, eta beste bat aurrez aurre ikusi eta entzun ahal izatea. Ostera oholtzara datoz Olatz Salvador, Mikel Urdangarin eta Xamanak baina publikoaren aurrera oraingoan, bizi-bizian", azaldu du Jasone Mendizabalek, Euskaltzaleen Topaguneko Zuzendariak. Datorren azaroan egingo den zikloaren aurrerapena izango da ekainaren 17koa.
Kontzertua gaueko 22:00etan hasiko da, eta sarrerak salgai daude jada Kafe Antzokiaren webgunean, 12 eurotan, eta 15 eurotan lehiatilan.

