Olatz Mitxelena oiartzuarrak irabazi du Igartza Saria
Olatz Mitxelena Larreta oiartzuarrak eskuratu du 35 urtez azpiko gazteei prosazko literatur lanak sortzeko bide ematen dien Igartza Literatura Bekaren 24.edizioa. Mitxelenaren Arrakalak ipuin-bilduma proiektua aukeratu du epaimahaiak eta hain zuzen ere pitzadurak lotuko ditu kontakizun guztiak: "Gizartearen barruan eta baita gizakiaren baitan ere, harremanetan sortzen diren pitzadurak agertuko dira ipuin guztietan: minak, obsesioak, beldurrak eta beste", azaldu du oiartzuarrak. Hainbat gai jorratzeko asmoa du Mitxelenak, tartean heriotza, amatasuna, laguntasuna eta zahartzea. Bizitzaren alde ilunagoari erreparatu arren, argitasuna eta umorea izango direla aurreratu dute eta baita fantasia ere.
Mitxelenak proiektuarengatik 6.000 euroko sariaren erdia eta garaikurra jaso ditu, eta urtebeteko epea izango du liburua amaitzeko. Oiartzuarra Filosofian lizentziaduna da eta Bigarren Hezkuntzako irakaslea. Bergarako Idazle Eskolan ikasi zuen eta Azkue, Urruzuno edo Berriaren bidaia idazlan lehiaketetan sariak irabazitakoak da. Hau izango omen du, ordea, arnas luzeko lehen lana.
Iaz beka lortu zuen Maddi Ane Txoperena Ez erran inori eleberria ontzen ari da eta datorren urtearen hasiera aldera argitaratuko dute. Haurtzaroan sexu abusua jasan zuen emakume bat izango du protagonista nobelak. Irati Goikoetxearen Herriak ez du barkatuko liburua ere martxoan argitaratu zen, 2019an saria lortu ondotik.