Olatu Talka, zuk zeuk egiten duzun jaialdia

Olatu Talka, zuk zeuk egiten duzun jaialdia https://www.gaztezulo.eus/albisteak/olatu-talka-zuk-zeuk-egiten-duzun-jaialdia/@@download/image/20122175853olatu_talka6.jpg
2012/12/13
berria
2016 Bulegoaren eskutik, Olatu Talka kultur ez profesionalaren jaialdiaren hirugarren edizioa egingo dute maiatzaren 11tik 13ra. Herritarren energia sozial eta kulturalaren isla izango da, Donostiako kaleetan eta Gipuzkoako zein inguruko probintzietan egingo diren hainbat jardueren bitartez. Jaialdiaren inguruko proposamenak bidaltzeko epea otsailaren 27ra arte duzue zabalik, gazteok. Anima zaitezte!

Jaialdia orain dela bi urte sortu zen, eta bere helburua hirian dagoeneko existitzen den baina sarri ezkutuan dagoen bizitasuna agerian jartzea da; halaber, bizitasun hori beste testuinguru batzuetan edo normalean beste erabilera batzuk dituzten tokietan kontzentratzeko asmoa du jaialdiak.

Olatu Talkan pertsonak zarete ardatz, protagonista eta sormenaren eragile, eta horregatik, zeuek zarete proposamenak egiten dituzuenak. 2016 Bulegoaren lana bitartekoak jartzea eta bidelagun izatea da, zuen ekimenak egi bihur daitezen. Horregatik, guztion parte-hartzea ezinbestekoa da Olatu Talka denon jaialdia izan dadin.

Aurtengoan, gazteoi parte hartzeko deialdi berezia egin nahi dizue 2016 Bulegoak, zeuon energia, amets eta grinak erakutsi ditzazuen. Gainera, hirugarren edizio honetan Olatu Talkak Donostiako hirigunetik haratago iritsi nahi du, eta auzoetako, Gipuzkoako eta beste probintzia batzuetako gazteei ere parte hartzeko eskatu nahi die. Jarduerak sakabanatu eta hedatu egingo dira; eta hala, jarduera-programa ez da soil-soilik hirigunean kokatuko: lurraldeko beste tokietara ere iritsiko da, betiere zuen parte-hartzearen eta inplikazioaren arabera.

Etapa berria



Olatu Talka etapa berri eta itxaropentsu batean dago: Donostia 2016ko Europako Kultur Hiriburu izendatu zuen nazioarteko epaimahaiak joan den ekainean, eta hortaz, 2016 Bulegoak kultur proiektu irabazle eta zehaztua dauka esku artean. Gainera, jaialdiaren hirugarren edizioa bat dator Europako Erakundeek hiria 2016ko Europako Kultur Hiriburu ofizialki izendatuko duten egunarekin, maiatzaren 10 edo 11n izango baita, aurreikusi denez.

Testuinguru horretan, Olatu Talka jaialdia xede argiekin dator: batetik, DSS2016EUren proiektua osatzen duten balioak gizarteratzea eta hedatzea, eta bestetik, herritarren ospakizunen gune eta adierazteko toki izatea.


Proposamenak bidaltzeko


Proposamen bat bidali nahi duen orok otsailaren 29ra arte egin dezake:
  • Jaialdiaren webgunearen bitartez

  • Fisikoki Donostiako Goikoa Jauregiko Gazte Informazioaren bulegoan (Mari kalea, 1). 

    • Ordutegia: 

      • Astelehenetik ostegunera 16:00etatik 19:00etara
      • Ostiraletan 10:00etatik 13:30era.

Martxoaren erdirako, beranduenez, 2016 Bulegoak proposamenak bidali dituzten herritarrei jakinaraziko die eurena aukeratua izan den ala ez, eta martxan jarriko da ekitaldiaren ekoizpena eta garapena.

Balioak


Olatu Talkan parte hartu nahi duzuenok zuen proposamena ondorengo balioetako batera moldatzen saiatu beharko duzue; horrela, jardueren programazioa osatu ahal izateko.

  • Eraldatzaileak eta ohikoarekin hausten dutenak: TRANS (eraldatzaileak)
  • Kooperatiboki, elkarlanean, egiten direnak: COOP (kooperatiboak)
  • Esperimentalak eta prozesuan eraikiak: LAB (esperimentalak)
  • Elkarlanean eraikiko diren jarduerak, toki ezberdinetan dauden lagunen artean: NET (sarean eginak)
  • Ekologikoak eta ekontzienteak: EKO (ekontzienteak)
  • Ohiko garapen-esparrua zabaldu eta haratago doazenak: GEO (geopoetikoak)
  • Kultura herrikoiarekin zerikusia dutenak: POP (herrikoiak)
  • "Do-it-yourself" edo "Zuk zeuk egin"  filosofian oinarrituak: DIY (zuk zeuk eginak)

Ideiak eta proposamenak gurutzatzeari garrantzi berezia emango zaio. 2016 Bulegoak harremanetan jarriko ditu jarduera-proposamenak egin dituzten herritarrak eta hainbat artista eta sortzaile, eta lan-prozesuan jarduerak hazi, bilakatu, garatu eta nahastu egingo dituzte.