Olatu handiegiak euskal selekzioarentzat

Olatu handiegiak euskal selekzioarentzat https://www.gaztezulo.eus/albisteak/olatu-handiegiak-euskal-selekzioarentzat/@@download/image/11p28-1_1371121682.jpg
2001/09/07
erreportajea
Olatu handiegiak euskal selekzioarentzat
Euskal Herriko surf selekzioa aitzindaria izan da gure herriaren izenean nazioartean lehiatzen. Hala ere, selekzioak zaila izango du aurrerantzean bide horretatik jarraitzea. 

Duela hamar bat urte Euskal Herriko Surf Federazioa sortu zen; Bizkaiko eta Gipuzkoako surflariak biltzen zituen. Gaur egun ere ez dago Lapurdiko surflaririk, baina dena den, Ipar eta Hego Euskal Herriko kirolariek harreman estua dute: "urtero Iparraldea-Hegoaldea jaialdia antolatzen dugu eta azken boladan hitz egiten aritu gara Lapurdiko surflariren batek euskal selekzioan parte har dezan", adierazi digu Ruben Bueno EHSF-ko, Euskal Herriko Surf Federazioko presidenteak.

EHSF jaio eta berehala Europako federazioan sartu zen, garai hartan ez zegoen federaziorik Espainian, eta orduz geroztik, gure herriko selekzioak nazioarteko txapelketa ofizialetan parte hartu du. Ruben Bueno bilbotarrak dioenez, "urteotan guztiotan ez dugu nazioartean lehiatzeko inongo arazorik izan eta horrez gain, EHSF eskubide osoz izan da Europako federazioan. Estaturik gabeko beste herri batzuk ere badaude bertan, Gales edo Eskozia, adibidez".

Arazoak duela lau urte hasi ziren, Galiziako Surf Federazioko presidente Ramon Gilek EHSFri eta beste zenbait federazioei Espainiako federazioa eratzeko proposamena egin zienean. "Gure federazioak esan zuen ez zegoela arazorik, baldin eta nazioartean ahots propioa eta selekzioa izateko eskubideari eusten bagenion. Ramon Gilen ustez, ordea, Espainiak federazio eta selekzio bakarra izan behar du nazioartean", azaldu du Ruben Buenok. Espainiako federazioa iaz sortu zen. Ondoren, Europakoak Espainia onartu ala ez eztabaidatu zuen.
"Espainiako federazioak Europakoan sartzeko, aurrena guk alde egin behar dugula dio. Bozketa egin ondoren, Espainia onartzea adostu zen eta guri, berriz, alde egiteko eskatu ziguten", dio Rubenek. EHSFko presidentearen esanetan, aldiz, "Europan lehia ez gaitezen nahi badute, bertako federaziotik kanporatu beharko gaituzte eta arauen arabera hori ezinezkoa denez, epaitegira joko dugu". Gauzak nahasi samar daude. Hala ere, iraila bukaeran edo urria hasieran Europako txapelketak jokatzekoak dira Hosegorren eta Rubenen esanetan, bertan auzia zertan den argituko da.

Surfa, aberaskumeen kirola?



Askotan esan izan da surflariak edo bodyboardean aritzen direnak aberaskumeak direla, "pijoak". Ana Urrutia surflariak aitortu digu surfa gure herrira iritsi zenean, taulak eta gainerako materialeak garesti samarrak zirela: "garai hartan surfean hasi ziren askok seme-alabatxoen apetak betetzeko prest zeuden guraso dirudunak zituzten".

Dena den, Anaren esanetan,"prezioak jaitsi egin dira. Horrez gain, gaur egun, bigarren eskuko merkatu indartsua dago, gehienen eskura dauden salneurriak eskaintzen dituena". Gaur egun, surf taula berri batek 50.000 pezeta/ 2.000 libera balio ditzake eta bigarren eskukoa bada, 20.000 pezeta/800 libera.

Euskal surf-zaleen web orrialdea



Euskal Herriko Surf Federazioak badu web orrialdea. Bertan era guztietako informazio ugari topa daitezke: surf txapelketak, euskal kostaldeko hondartzak, metereologia iragarpenak, surf elkarteak, bodyboard-a, argazki pila... Azken bolada honetan, gainera, web orrialdea berritzen aritu dira. Hona hemen helbidea: www.euskalsurf.com