Olaia Merino diseinatzaile nafarraren ‘Kontzientzia eta artea' erakusketa ipini dute Iruñean

Olaia Merino diseinatzaile nafarraren ‘Kontzientzia eta artea' erakusketa ipini dute Iruñean Ingurunea zaintzeaz eta errespetatzeaz kontzientziatzea du helburu ilustrazioen erakusketak. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/olaia-merino-diseinatzaile-nafarraren-2018kontzientzia-eta-artea-erakusketa-ipini-dute-irunean/@@download/image/erakusketae.png
2022/08/08

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Ingurunea zaintzeaz eta errespetatzeaz kontzientziatzea du helburu ilustrazioen erakusketak.
Olaia Merino diseinatzaile nafarraren ‘Kontzientzia eta artea' erakusketa ipini dute Iruñean

Adwin basoan bizi den 9 urteko neskatoa da Kontzientzia eta artea lanaren istoriako protagonista; baso horretako txoko ezkutuak maite ditu eta egunen batean mundu guztia bere basoa bezain polita izango dela amesten du. Erakusketa hamalau ilustrazioz osatuta dago eta ingurumenaz kontzientziatzea du xede, basoak suntsitu eta soiltzearen ondorioz neskato batek jasaten duen sufrimenduaren istorioaren bitartez.

Eskuz egindako ilustrazioak dira, boligrafoz. Kolorea, xehetasun batzuk nabarmentzeko erabili dena, modu digitalean gehitu da, Photoshop edo Illustrator programen bidez. Merinoren amak ere parte hartu du erakusketan, pinturaz egindako erliebe-teknikaren bidezko koadro batzuekin.

Olaia Merino diseinatzaile eta ilustratzaile nafarra da, Sarrigurengoa, eta aurten Sanferminetako kartel-lehiaketa irabazi du Beti Bezala lanarekin. Bere lanak "branding-a eta identitatea, diseinua eta pasioa, publizitatea eta komunikazioa, soinua eta mugimendua" ditu osagai. Arte Ederrak ikasi zituen Leioan, eta diseinu grafikoan egin du bidea. Iruñeko Arte Eskolan ikasten hasi zen, eta Urnietako Salestarretan Argitalpen Inprimatuen eta Multimedia-argitalpenen Diseinua eta Edizioari buruzko Gradua egin zuen. Web-diseinuko masterra ere egin du Zaragozan.

Erakusketa abuztuaren 31ra arte izango da ikusgai San Frantzisko Liburutegi Publikoko sarreran.