Olaia Inziartek 'Denak begira daudelaik' abestia kaleratu du

Olaia Inziartek 'Denak begira daudelaik' abestia kaleratu du Bideoarekin lagunduta argitaratu du "askapen pertsonalaren aldeko oihua" den kantua. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/olaia-inziartek-denak-begira-daudelaik-abestia-kaleratu-du/@@download/image/olaia denak.png
2023/05/12
Bideoarekin lagunduta argitaratu du "askapen pertsonalaren aldeko oihua" den kantua.
Olaia Inziartek 'Denak begira daudelaik' abestia kaleratu du

Olaia Inziartek kantu berria aurkeztu du aste honetan: Denak Begira Daudelaik. Askapenaren aldeko oihua eta besteen bizitzekin gidari lanak egiten dituztenen aurkako kritika egin du abestian. 

"Gainontzekoen espektatiben morroi" garela nabarmendu nahi izan du Inziartek lan berrian, eta norbanakoak ematen duenaren funtsa edo asmoa nori edo zeri begira egiten dugun aztertu du. Era berean, musika industrian zabaltzen diren mezu itxuratiei ere egin die kritika: “irinak sobran eta falta duzue mamia”. Merkatuaren inguruko gogoeta egin du eta azpimarratu du "merkatua anitz baliatzen dela artisten irudiaz euren promozioak zuritzeko". Bestalde, "arerioa den mundu honekiko babesa" bilatu du: “A ze mundua iragarri den, emaidazu besarkada bat. Agintarien dolua hemen, erne segitzen duzulako”.

Ohikoa duen moduan, hainbat erreferentzi sartu ditu kantuaren letran. Alde batetik, Itoiz taldeko Espaloian kantuaren  “Gu, gu kalean zehar, erropa iluna, aurpegi txuria” esaldiaz baliatu da. Bestetik, Sorotan Bele talde gipuzkoarrari ere keinu txikia egin dio: “sorora jautsi dira beleak, eta ni zerura begira”. 

Txiki-Txikitik kantuari ere egin dio lekua. Izan ere, norberaren azken orduan “zeru propiora nor (eta zer) eramanen genukeen" izan du gogoan, azken batean, "garrantzia duena eta dutenak zeintzuk diren". 

Rosaliaren esaldi batek ere inspiratu du musikaria letra idazteko orduan, artista katalanaren Sakura kantuko esaera honek hain zuzen ere: “La que sabe sabe, que si estoy en esto es para romper”. Inziartek honela sortu du berea: “Badakienak badaki: ni ez nintzake honetan sartuko bazterrak nahasteko ez balitz”. 

OLAIA INZIARTE MAIATZEKO GAZTEZULON

Zer aurkituko duzu maiatzeko GAZTEZULO aldizkarian?                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                 

Musikari nafarrarekin aritu gara solasean maiatzeko alean eta hausnarketa mamitsu ugari egin dizkigu. Irakurri eta gozatu!