Olaia Inziarte, Sara Azurza eta Verde Prato izango dira Arrasateko Oreixe Akustikoa musika zikloan
Urteroko zuzeneko musika emanaldi akustikoak bueltan dira Arrasatera. Aurten bi aldaketa nabarmenen izango dira zikloan. Alde batetik, emanaldiak Kulturaten egin beharrean, Juan Arzamendi Musika Etxeko (JAME) auditoriumean egingo dira, gunea zuzeneko musikarekin lotzeko asmoz. Beste aldetik, lekua aldatzean, izen berria jarri diote egitasmoari: Oreixe. Udalak azaldu duenez, “galtzen ari den Arrasateko euskalkia berreskuratzeko aukera paregabea aprobetxatu nahi izan dugu. 'Oreixe' hitzak ekaitza esan nahi du, eta azken hamarkadetan honen erabilera galtzen ari bada ere, musika zikloari izena emateko egokia iruditu zaigu, ekaitz akustiko eta artistikoa izan dadin”.
XV. edizio honetan sei emanaldi antolatu dituzte, eta emakume musikariak izango dira protagonista. Hauek izango dira hitzorduak: irailaren 8an, Olaia Inziarte arituko da; irailaren 9an, Sara Azurza; irailaren 10ean, Emilia y Pablo; irailaren 15ean, Baskery; irailaren 16an, Verde Prato; eta irailaren 17an, Sofia Comas. Emanaldi guztiak 19:30ean izango dira.

Emanaldi bakoitzerako sarrerak www.arrasate.eus helbidean eros daitezke, eta egunean bertan emanaldi bakoitzaren aurretik leihatilan. Sarrera bakoitzaren prezioa 5 eurokoa izango da.
