Olaia Inziarte, Merina Gris, Ines Osinaga, eta Izaro MIN sarietarako finalisten artean
XV. Musika Independientearen MIN sarietako alor bakoitzeko behin betiko hautagaiak erabaki ditu epaimahaiak eta Euskal Herriko hainbat musikari izendatu dituzte.
Hauek dira Etxepare Euskarazko Disko Onenaren Sarirako finalistak: Merina Gris, Niña Coyote eta Chico Tornado, Olaia Inziarte, Vulk eta Zea Mays. Finalista hauez gain, honako hauek ere lehiatu dira kategoria honetan: Arima Soul, Bulego, Eñaut Elorrieta, Esti Markez, ETS (En Tol Sarmiento), Ezpalak, Goxua´n salsa, Ilargi, Ines Osinaga eta Mikel Urdangarin.
Urteko rock albumik onenaren kategorian hautatu dute Belako eta Izaro pop albumik onenaren sarirako dago izendatuta. Elena Setién elektronika grabaketa onenaren atalean da hautagai, eta Ines Osinagaren Itsasoa Da Bide Bakarra diskoaren diseinuak ere izendapena jaso du. Chica Sobresalto artista berri onena aukeratua izateko lehian egongo da.
Maiatzaren 17an banatuko dituzte sariak Mallorcan. Samantha Hudsonek gidatuko duen sari-banaketa gala, eta La La Love You, Karmento eta Shego taldeek girotuko dute ekitaldia zuzeneko musikarekin.
