Okerreko Bizum-aren iruzurra: dirua lapurtzeko trikimailua
Azken asteotan Bizum bidezko iruzurren inguruko ohartarazpenak egiten ari dira sareetan. Gero eta gehiago dira Bizum ordainketa-sistema erabiltzen dutenak eta hor ere arriskuak areagotzen ari dira, gaizkileek hainbat trikimailu erabiltzen baitituzte erabiltzaileei dirua lapurtu ahal izateko.
Ohiko iruzurretako bat okerreko Bizuma egin izanagatik dirua itzultzeko eskatzea izaten da. Ezezaguna den norbaiten Bizuma jasotzen da, eta geroago harremanetan jartzen dira nahastu egin direla jakinarazi eta dirua ahalik eta azkarren itzultzeko eskatzeko.
Edonori gerta dakioke nahastea, bai, baina kontua hori baino korapilatsuagoa izaten da iruzurren kasuan. Lapurtutako kontu korronte batetik bidalitako dirua izaten da eta nahi dutena zuk haiei dirua bidaltzea izaten da. Kontu korrontearen jabea diru mugimenduaz ohartu eta salatzen duenean, bankuak erreklamatu egin dezake. Hala, iruzurra jasan duenak jasotako Bizuma eta itzulitako dirua, biak, galtzen ditu.
Zenbait kasutan, gainera, Bizum bidez "nahasturik" bidalitako dirua erreklamatzen dute dirurik ordaindu izan gabe, bidean dela edo atzerapenen bat izan dela azalduta. Ordainketak berehalakoak izaten dira, ordea, eta kontu korrontean ageri ez bada, egin ez den seinala izaten da.
Hortaz, iruzurrak saihestu ahal izateko, tentuz ibili beti eta ez itzuli dirua presaka. Ez fidatu badaezpada mezu edo jakinarazpenez eta lehenik eta behin, dirua jaso duzun ziurtatu bankuko aplikazioan. Itzultzeko eskatzen badizute, itxaron, batez ere diru-kopuru esanguratsua baldin bada. Bankuarekin kontsulta dezakezu akatsa izan den ala ez, baina jatorriaz zalantza baduzu, ez itzuli dirurik.
Badaezpada probak gorde, ez fidatu istorio arraroekin edo presa sartzen dizutenekin, eta hobe bankura jotzea ezer egin baino lehen. Neurriak hartu eta zuhurtziaz jokatu.
