'OK' zeinua gorroto keinu bilakatu da

'OK' zeinua gorroto keinu bilakatu da AEBetako Difamazioaren Aurkako Ligak hala katalogatu du, zurien boterearen aldekoek erabiltzen dutela detektatu ondoren. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ok-zeinua-gorroto-keinu-bilakatu-da/@@download/image/shutterstock_174900566-1-780x449.jpg
2019/10/01

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

AEBetako Difamazioaren Aurkako Ligak hala katalogatu du, zurien boterearen aldekoek erabiltzen dutela detektatu ondoren.
'OK' zeinua gorroto keinu bilakatu da

Atzamar erakuslea eta lodia elkartu eta zirkulu bat egiteak, gainontzeko hiru atzak tente utzita, dena ondo dagoela esan nahi du mundu osoan. Orain arte behintzat. OK hitza laburbiltzeko keinuaren esanahia aldatu egin da; orain, "White Power" (Botere Zuria) ordezkatzeko erabiltzen dute zurien boterearen aldekoek. Hala, gorroto keinu moduan katalogatu berri du AEBetako Difamazioaren Aurkako Ligak. 

Hain zuzen, eskuarekin marraztutako irudi horrek honako hau ere ordezkatzen du; tente utzitako hiru atzek 'W' izkia irudikatzen dute, eta zirkuluak 'P' izkia; hortxe duzue beraz, "White Power" (Botere Zuria). 

Keinu honen erabilera berri hau sare sozialetan zabaldu zen txantxa edo "troleo" moduan, beste hainbat gezurrekin batera; baina dirudienez, azken honek aurrera egin du, eta botere zuriaren aldekoek serio hartu dute, benetan bere eginez. Hala, adibidez Zeelanda Berriko mezkita batean 50 lagun hil zituen Brenton Tarrant terroristak sinbolo hori erabili zuen epailearen aurrean aurkeztean. 

Dena den, ez dago argi keinua erabiltzen duten guztiek benetan gorroto mezua zabaltzeko asmoa duten edo ez. Hain zuzen, hainbat politikariei egotzi diete keinua egin izana, esate baterako, Donald Trump AEBetako presidenteari edota Marine LePen Frantziako Fronte Nazionaleko buruari, baina OK zeinuaren jatorrizko esanahiarekin erabili zutela adierazi dute mandatariek. Egia ote?