Oinatz Bengoetxea: "Metallicakoak gustura entzungo nituzke berriro"

Oinatz Bengoetxea: "Metallicakoak gustura entzungo nituzke berriro" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/oinatz-bengoetxea-quotmetallicakoak-gustura-entzungo-nituzke-berriroquot/@@download/image/77p26Oinatz.jpg
2012/12/13
elkarrizketa
Oinatz Bengoetxea: "Metallicakoak gustura entzungo nituzke berriro"
Astebukaera honetan Euskal Herri osoa Leitzara begira egon da, eta Leitza, aldiz, bihotza erdibituta antzeman dugu, bertako bi pilotari ospetsuenen artean, bat aukeratu eta haren alde apustu egin beharrean. Baina, azkenean, Oinatzek irabazi zuen buruz buruzko pilota txapelketa, baita ongi irabazi ere. Amets egiten hasita, Oinatzek poz ederra hartuko luke egunen batean Metallica taldeak Leitzako frontoian kontzertua emango balu... ondo irabazia dauka, ezta?     

-Sukaldean. Zer prestatuko zenuke? Ez naiz oso iaioa, baina patata tortilla bat egiteko adina moldatzen naiz.
-Komunean. Zer irakurtzen duzu? Ez dut irakurgairik eramaten. Egin beharrekoak lehenbailehen egin, eta ospa!

-Igogailuan. Norekin ez zenuke topo egin nahi? Zenbait politikarirekin…
-Dutxan. Zer kantatzen duzu? Aurreko egunetan entzundako melodiaren bat.

-Larrugorritan. Non? Uharte huts batean.
-Lanean. Zer gorroto duzu? Gauza gutxi, oso gustuko baitut. Baita entrenatzea ere.

-Oporretan. Nora ez zinateke itzuliko? Iaz Polinesian izan nintzen: leku bikaina benetan. Halere, ez dut egon naizen lekuen oroitzapen txarrik
-Parrandan. Noiz pasatu zenuen gaizki? Jende gehiegiko taberna eta dantzalekuetan. Ito egiten naiz, eta ez dut gozatzen.

-Kiroldegian. Zein kirol? Garai batean hamaika kirol egiten nituen: futbolean, arineketan… Orain pilotan murgilduta bizi naiz.
-Kontzertuan. Zein talde? Metallica. Ekainean Bilbon eman zuten kontzertuan izan nintzen, eta berriz ere gustura entzungo nituzke.

-Liburutegian. Zein liburu? Azkeneko urteetan ez dut bakar bat ere irakurri. Prentsa bai, ordea; pilota albisteak, batik bat.
-Gaztetxean. Noiz azken aldiz? Aurtengo Leitzako festetan.

-Elizan. Noiz azken aldiz? Aspalditxoan ez naiz izan.
-Kanposantuan. Zer idatzi beharko lukete zure hilarrian? Auskalo! Presarik ez dudanez, ez dut pentsatu ere egin. Badut astirik.

-Zeruan. Non? Familian eta lagunartean.
-Infernuan. Non? Ez dut uste kexatzeko moduan gaudenik, badira munduan egunero infernu batean bizi direnak.