Oinarrizko errenta unibertsala, datorren krisiari aurre egiteko konponbidea

Osasun krisi honek mundua gelditu du, eta oraindik ez dakigu noiz arte. Hildakoak eta gaixoak zenbatzen ditugun bitartean, krisi honi jarraituko dion beste krisiari begira hasi dira asko; ekonomikoa. Herrialde batzuk hasi dira krisi ekonomikoari aurre egiteko neurriak ikertzen, eta aspaldi airean dagoen kontzeptu bati bueltaka dabiltza; oinarrizko errenta unibertsala.
Emergentziazko errenta honek lana galdu duten milaka pertsonaren egoera arinduko luke, krisi ekonomikoak ekarri dezakeen krisi soziala larria leunduz. Hala, AEBetako presidente Donald Trump-ek lege proiektu bat jarri du martxan, 1.200 dolarreko emergentziazko errenta onartu dadin (errenta hau moldatuz joango da familia bakoitzaren egoeraren eta beharren arabera). Dena den, proiektua airean gelditu da, demokratentzat neurria ez delako nahikoa.
Hong Kong-en dagoeneko ezarri dute oinarrizko errenta hau, eta hiritar bakoitzak 10.000 HK dolar jaso ditu (1.140 euro inguru). Dena den, kopurua ez da nahikoa oposizioarentzat. Erresuma Batuan ere ari dira halako neurriak hartzekotan, eta hiritar bakoitzari hilean 1.000 libra ematekotan daude.
Europako Batasuna, bestalde, eurobonoak emateko aukera aztertzen hasi da, eta baita Burtsa ixteko aukera ikertzen. Azkenik, Italian kaleratzeak debekatu dituzte.