Oihua! film laburren proiektu lehiaketan parte hartzeko deialdia egin dute

Oihua! film laburren proiektu lehiaketan parte hartzeko deialdia egin dute Euskarazko fantasiazko gidoien sorkuntza sarituko da, eta aholkularitza eta laguntza eskainiko da film labur bat ekoitzi eta zuzentzeko. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/oihua-film-laburren-proiektu-lehiaketan-parte-hartzeko-deialdia-egin-dute/@@download/image/N_Oihua.jpg
2023/11/13
Euskarazko fantasiazko gidoien sorkuntza sarituko da, eta aholkularitza eta laguntza eskainiko da film labur bat ekoitzi eta zuzentzeko.
Oihua! film laburren proiektu lehiaketan parte hartzeko deialdia egin dute

Fantasiaren generoak euskarazko zinemagintzaren loraldian izan duen zerikusia kontuan hartuta sortu zuten Donostia Kulturak, Udaleko Euskara Zerbitzuak eta San Sebastian-Gipuzkoa Film Commission-ek Oihua! ekimena. Hirugarren deialdiaren asmoa euskarazko fantasiazko gidoien sorkuntza berria saritzea da, eta horretarako ikus-entzunezkoaren arloko profesionalen aholkularitza izango da hautatutako proiektuarentzat. Helburua film labur bat ekoiztea eta zuzentzea izango da, Larrotxene Bideoren tutoretzapean. Film laburra 2024ko Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 35. Astean estreinatuko da.

Modu komertzialean banatutako fikziozko ikus-entzunezko obrarik idatzi, zuzendu edo egin ez duen sortzaile berrie zuzenduta dago ekimena, eta euren ideia batera garatu nahi duten kolektiboek ezingo dute parte hartu. Sortzaile berriek euskaraz idatzitako gidoi originala aurkeztu beharko dute. Aukeratutako hautagaiak erabakiko du bere gidoia zuzendu nahi duen, bere interesaren eta prestasunaren arabera. Hala ez bada, antolatzaileek bermatuko dute gidoiaren zuzendaritza. Film laburraren filmaketa osoa Gipuzkoan egin beharko da.

Hautatutako proiektuaren egileak aholkularitza jasoko du, bai kreatiboa eta bai teknikoa, gidoigintzan eta zuzendaritzan, Igor Legarreta zinemagilearen aldetik. Preprodukzioaren eta filmaketaren antolamenduaren prozesuan zehar ere jasoko du laguntza eta baita beste hainbat arlotan ere. Ideia hautatuari 300 euroko ordainsaria emango zaio. 

Hautagaitzak aurkezteko epea abenduaren 30ean amaituko da, 24:00etan. Dokumentazio guztia, idatzia eta grafikoa, posta elektronikoz bidali beharko da helbide honetara: larrotxene_bideo@donostia.eus, gaian Oihua! deialdia idatzita. Ebazpena telefonoz jakinaraziko zaio hautatutako pertsonari, 2024ko urtarrilaren 30a baino lehen. 

Oinarriak hemen kontsulta daitezke. Deialdiari buruzko informazio gehiago jaso nahi izanez gero, hona idazteko eskatu dute: larrotxene_bideo@donostia.eus.