Oihenart Aforismoen Lehiaketan parte hartzeko aukera

EHUko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateak, Donostiako Euskararen Zerbitzuaren laguntzaz, Oihenart aforismoen hamargarren lehiaketa du martxan. Modu laburrez azaldutako pentsaerak dira aforismoak, alegia, ideiak azaltzeko aski den testua, osoa baina motza.
Aforismoa zentzu zabalean ulertuko da -pentsamenduak, mikroipuinak, poemak-, eta edozein aforismo kopuru onartuko da, euskaraz idatzitako testu laburrak, originalak eta paperean argitaratu gabeak baldin badira. Bi kategoria ditu deialdiak: 25 urte arteko parte hartzaileak eta 26tik gorakoak. Lau sari banatuko dira, kategoria bakoitzeko bina.
Parte hartzaileek EHUko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatearen webgunean dagoen inprimakia bete eta bertan igo behar dute aforismo bilduma, PDF formatuan. Aforismoak igotzeko azken eguna azaroaren 5a izango da. Ebazpena abenduan argitaratuko da aipatutako webgunean, sari banaketari buruzko informazioarekin batera.
Lehiaketaren izena Arnaud Oihenart (Maule, 1592 – Donapaleu, 1667) euskal poeta, legegizon, historialari eta politikariari dagokio. Oihenart, Joan Perez de Lazarragarekin batera, ezagutzen den lehen euskal idazle laikoa izan zen. Euskaraz, frantsesez eta latinez idatzi zuen.