Oihane Pardo: "Hitz egiteko beta izan baino lehen nor garen esaten du modak eta janzkerak".

Hasteko, ezagutzen ez zaituenarentzat zein da Oihane Pardo eta Amarenak proiektua?
Donostiako arkitekto bat naiz. Orain dela lau urte bere Shanghaiko lana eta bizitza utzi nituen etxera bueltatzeko. Izan ere, nire lanarekin gure kultura berpiztu eta plazaratzen lagundu nahi dut. Horrela sortu zen Amarenak proiektua, nire amak emandako amonaren kaiku jaka berreskuratzeko asmoz. Egun ia ez dira saltzen, eta saltzen diren gehienak ez dute antzinako dotorezia eta kalitatea. Ideia horretatik tiraka, diseinuaren bitartez, antzinako eta tradiziozko euskal jantzi eta elementuak eguneratzen hasi nintzen, hauek ezagutu eta galdu ez daitezen.
Nondik datorkizu modarekiko zaletasuna?
Haur nintzenetik gustatu izan zait nire arropa egin eta egokitzea. Ez ordea joerak jarraitzeagatik, baizik eta gauza bereziak eta ezberdinak jantzi ahal izateko. Bigarren eskuko arropa edo nire gurasoena edo familiakoa izandakoa aurkitzea pila bat gustatu izan zait beti, arima edo istorio berezi bat duen zerbait topatu eta hori janzteko era bilatzea atsegin dut. Beti pentsatu izan dut antzinako arropa gaur egungoa baino askoz originalagoa zela.
Zer da moda zuretzat?
Adierazpen modu bat. Hitz egiteko beta izan baino lehen nor garen esaten du modak eta janzkerak. Zer balore ditugun edo zeri ematen diogun garrantzia. Gaur egun ere moda erostean komunikatu egiten dugu, eta orokorrean, dirua erabiltzen dugun moduak asko komunikatzen du.
Oraingoan lehen mundu birarekin lotutako proiektua duzu esku artean: Elkano, Euskal Herri itsastarrean inspiratutako moda bilduma. Goteo.org-en proiektu hau finantzatzeko kanpaina jarri duzu martxan. Zertan datza?
Amarenak proiektuaren helburua euskal kultura eta ondarea modaren bitartez plazaratzea da. Elkanok orain dela 500 urte burututako mundu-bira euskaldunok giza historian egindako ekarpenik handiena izan da, eta harrigarria badirudi ere, gaur egun jende askok ez dakit nor zen ere Getariako nabigatzailea!
Horregatik, orain dela 3 urte, Elkano 500 Fundazioari bilduma hau egiteko proposamena luzatu nien. Era honetan, jantzi hauek erabiltzen dituzten pertsonek historia zatia hau munduan zehar kontatu eta zabaltzen lagun lezakete.
Hirugarrengo aldiz hartu dugu parte Piztu Meta kanpainak. Amarenak egindako lehengo 100 kaikuak kanpaina honen bitartez finantzatu genuen adibidez. Crowfunding kanpainak oso interesgarriak dira, jendeari eta bezeroei diseinuaren gainean erabakiak hartzeko aukera ematen diete eta norberari egiten ari zarena gustukoa den ala ez neurtzeko aukera. Guretzat oso garrantzitsua da egiten ditugun jantziak jendeak erabiltzea, hori baita ondarea bizirik mantentzen duena. Horregatik esaten dugu #janztekoistorioak egiten ditugula.
Euskal marinelen janzkera tradizionalaren ikerketatik abiatutako proiektua da. Zer ikasi duzu ikerketa horretatik? Asko aldatu al da moda ordutik?
XVI. mendean, garai hartako aurkikuntzen ondorioz, mundu mailako globalizazio prozesua hasi zen. Mundua pentsatu baino handiagoa zen orduko gizakiarentzat, baita askotarikoagoa ere eta hori ezagutzeko grina piztu zen. Euskal Herrian adibidez, mendetan isolaturik mantendutako kultura eta janzkera atzerriko modekin nahasten hasi zen.
Zein dela esango zenuke egungo euskaldunon estiloa?
Denetarik dago, baina orokorrean naturarekiko eta ingurumenarekiko kontzientzia handia dugula esango nuke, baita kulturarekiko ere. Hori dela eta, Gipuzkoan adibidez, moda iraunkorreko marka ugari daude.
Diseinu bat sortzerako garaian zein da zure prozesua?
Nire arkitekto formakuntza dela eta proiektuka lan egiteko ohitura daukat. Beraz, prozesuak proiektuaren arabera oso ezberdinak izan daitezke. Hori bai, abiapuntua beti euskal kultura edo ondarearen elementu ala istorio ezezagun bat da. Helburua beti berdina da: istorio horrekin jendeak jantzi ahal duen zerbait sortzea.
Zerk inspiratu edo motibatzen zaitu?
Motibatu bezeroek guretzat dituzten hitz politek. Gure lana eskertu eta baloratzen dutenean edota gure arropak jantzita argazkiak bidaltzen dizkigutenean eta beraiekin bizitako istorioak kontatu izugarri pozten gara!
Modaren industriaz asko hitz egin da azken urte hauetan: produktuak ekoizteko xahutzen dituen baliabide ugariak, fast fashion-a... egun kontzientziatuagoak gaudela uste duzu?
Oraindik asko falta da, baina kontzientzia gehiago dugu orain, hori argi dut. Pentsamoldea asko aldatu da bai pertsona gisa eta baita maila industrialean ere. Jada atzerriko ekoizpenak edota denboraldi bakar bat soilik irauten duten arropak ez daude horren ondo ikusiak.
Ingurumena errespetatzen duen moda justuak normalean ez ditu poltsiko guztientzako prezioak. Nola uztartu bi kontzeptu hauek?
Gauza merkeak garestik ateratzen dira. Urteak daramatzagu pentsatzen arropa ekoiztea merkea dela berez, baina hori ez da egia. Merkea da zenbait gauzek prezioan ez dutela eraginik, adibidez pertsonen eskubideak, gure osasuna edo ingurumenaren etorkizuna. Amarenak proiektuaren arropa aldiz, urte askotan erabiltzeko pentsatua dago eta inguruko enpresa zein lantegietan egina, bertako ekonomia, artisautza eta kultura suspertzen lagunduz. Hau janariarekin oso argi ikusten da, fast food asko jan ez gero osasun arazoak izan ditzakegu eta garesti ordaindu. Gure burua eta gorputza zaintzeko janari ona bilatzen dugu nahiz eta pixka bat gehiago ordaindu, ezta?
Jendea benetan prest al dago benetan arropa justuago batengatik gehiago ordaintzeko?
Bai, eta ez badago gure errua da, ez dugulako ondo azaldu arropa ekoizteak duen lana eta kostua. Horregatik dira interesgarriak crowfunding kanpainak, jendeari arropa bilduma bat egin eta ekoizteak zenbateko kostua duen erakusten diogulako.
Beste proiekturen bat ba al duzu buruan?
Buruan asko eta esku artean ere, baina orain kontatu daitekeen ezer ez. Horretarako hobeto #janztekoistorioak traola jarraitzea!
Amarenak proiektua gustatu bazaizu jakin Elkanoren mundu-biran oinarritutako crowfunding kanpaina azaroaren 7ra arte egongo da martxan. Sakatu hemen informazio gehiago eskuratzeko.