Oihane Amantegi “Ni saturatu egin nau azken urte hauetan bizi izan dugun ikus-entzunezkoen uholde deskontrolatuak”.

Oihane Amantegi “Ni saturatu egin nau azken urte hauetan bizi izan dugun ikus-entzunezkoen uholde deskontrolatuak”. Oihane Amantegiren izena berria da literaturaren munduan, bere lehengo eleberria argitaratu baitu ("Ibaiertzeko Ipuina"), pausu sendoz dator ordea. Estilo pertsonal baten bitartez Amerikako Estatu Batuetako hegoaldeko bazter galdu batera bidaia proposatzen dio irakurleari. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/oihane-amantegi-201cni-saturatu-egin-nau-azken-urte-hauetan-bizi-izan-dugun-ikus-entzunezkoen-uholde-deskontrolatuak201d/@@download/image/Portada web.jpg
2020/07/07

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Oihane Amantegiren izena berria da literaturaren munduan, bere lehengo eleberria argitaratu baitu ("Ibaiertzeko Ipuina"), pausu sendoz dator ordea. Estilo pertsonal baten bitartez Amerikako Estatu Batuetako hegoaldeko bazter galdu batera bidaia proposatzen dio irakurleari.
Oihane Amantegi “Ni saturatu egin nau azken urte hauetan bizi izan dugun ikus-entzunezkoen uholde deskontrolatuak”.

Hau da zure lehenengo eleberria, zer sentitu zenuen esku artean eduki zenuenean?
Poza, betetasuna, eta baita bide bat bukatzeak dakartzan sentimendu anbibalenteak ere: kitatze bat alde batetik, eta baita eskuen artetik urak ihesi nola egiten dizun ikustea, bestetik. Baina ederra, funtsean.

Asko kosta al zaizu honaino iristea?
Uste dut momentu hauetan ez daukadala hori neurtzeko parametrorik. Argitaratzen dudan lehen lana da eta uste dut hartu behar zuen denbora hartu duela, eta horri esker iritsi dela gaur den liburua izatera. 

Nolakoa izan zen idazketa prozesua?
Sakona, esango nuke. Intentsitate handiko uneak izan ditu idazketak, baina gero izan ditu baita pausatu eta arnasa hartzeko abagune ugari, eta uste dut horietan ere asko hazi eta heldu dela proiektua, legamiatu egin dela. Airea sartu zaio. Disfrutatu dut, musikari oso lotua egon den heinean, eta bai sorkuntzarako espazio —geografiko eta emozional— emankorrean umotu delako ere.

Gustura geratu al zara emaitzarekin?
Oso, zinez gustura. Uste dut iritsi naizela nahi nuena transmititzera, eta amaieran ere asko irabazi duela edizio-prozesuan. Pozik nago plazara ateratako lanaz.

Zer aurkituko du bertan irakurleak?
Haur baten ahotsa aurkituko du nagusiki, inguruari begira dagoena, bere mundu txikia azaltzeko saiakeran: bai bere buruari, eta bai irakurleari. Eta kontakizun horretan ibai bat, nabarmen, eta heriotza, eta naturarekiko harreman bat, eztia, elkartasuna.  

Informazio gutxirekin eraikitzen duzu istorioa, ez da zehazten leku zehatza, ez dago dialogorik ere, zergatik aukeratu duzu modu hau?
Ez nuelako nahi, eta ez nuelako behar, funtsetik despistatuko ninduen ezer. Elementu gutxi behar nituen istorio hau kontatzeko, horiek pisua har zezaten. Argi neukan tokia zela horietako bat, edo tokia barik kokaleku/atmosfera jakin bat, eta denbora historikoa, adibidez, ez zitzaidala hainbeste axola. Gero, dialogorik ez dago haurraren barneko ahotsa zelako interesatzen zitzaidana. Hori horrela, eta zer kontatu nahi nuen ohartu nintzenean, kimatze horretara bideratu zen esfortzua, kontakizuna fintzera. 

Zerk inspiratu zaitu?
Ba nik esango nuke galera batek, edo hutsune batek, edo min batek; baina ez da galera zehatz bat, ez du izen-abizen jakinik, ez daukat identifikatua eta ez dut behar. Gehiago izan da sentsazio bat.

Irakurleen iritziak iritsi al zaizkizu jada?
Denbora gutxi darama liburuak kalean, eta oraingoz gertukoak izan dira iritsi zaizkidanak. Gero, prentsa idatzian ere agertu da iritzirik, eta jakina, pozten nau kontakizunean esan nahi nuena transmititzera heldu izanak. Hori ari zait iristen, eta betetzen nau.



Besteren bat idaztea ba al duzu buruan?
Ba badago ideia antzeko bat, oso amorfoa oraingoz, baina ari dena hari-mutur antzeko zerbait bilakatzen. Ikusiko da zer.

Nola ikusten duzu egungo euskal literatura? Osasuntsu al dago?
Oso modu gallegoan erantzungo dizut, beste galdera batekin: nola neurtzen da hori? Ertz askoko galdera da, eta zein aspektu hartu kontutan erantzuteko? Irakurzaletasuna, literatura-generoen aniztasuna, kalitatea, nazioartekotzea, sortzaileen baldintzak... zertaz ari gara? Aspektu batzuk beste batzuk baino osasuntsuago egongo dira, ziur aski. Diagnostiko osatu bat eskatzen du galderak.

Ikus-entzunezkoaren garaian bizi gara, liburuek ba al dute tokirik gizarte honetan?
Noski badutena. Ni saturatu egin nau azken urte hauetan bizi izan dugun ikus-entzunezkoen uholde deskontrolatuak, telesailekin gertatuak batez ere. Enpatxua eragin didate, eta zinemara gustuz bueltatu naiz. Beste tempo bat eskatzen du. Eta liburuek ere bai, beren tempoa eskatzen dute, erritoa. Liburu-dendara joan eta pasiloetan ibiltzea, hau eta hura galdetzea. Nik leku hori errebindikatzen diot liburuari objektu gisa —gehiago azken urteetan edizio-lanetan egiten ari diren gauza ederrekin—, eta hori berbera herriko liburu-denda txikiei, erresistentziarako toki diren heinean. 

Zer ari zara irakurtzen momentu honetan?
Silvia Federiciren Mundua berriz liluratuz: feminismoa eta komunen politika, Amaia Astobizaren itzulpenean Katakrak-ek argitaratua, eta baita Janire Castrilloren Las mujeres vascas durante la baja edad media, haren tesiaren ondorengo moldaketa.