Oihana Vicente artistak nerabeei zuzendutako ikus-entzunezko tailerra egingo du Bilboko Azkuna zentroan
Oihana Vicente artista bilbotarrak Reel Cimena_filming movies randomly ikus-entzunezko tailerra egingo du Azkuna Zentroan. Helburua film bat sortzea izango da, zinemaren, bideoartearen eta media berrien egiturak eta baliabideak erabilita, gaur egun sare sozialek dituzten bitartekoak nahastuta.
Parte-hartuko duten 15 eta 17 urte arteko nerabeek aukeratutako filmen, bideoen eta bestelako eduki grafiko, literario edo musikalen eszenen bertsioak egingo dituzte, batez ere telefono mugikor adimendunekin filmatuko direnak.
Oihana Vicente artista eta aktoreak gidatuko ditu saioak, arte eszenikoetako eta ikus-entzunezkoetako beste profesional batzuekin batera.
Tailerra asteartero izango da, apirilaren 18tik ekainaren 27ra. Parte hartu nahi duenak eskaera egin beharko du info@azkunazentroa.eus helbidean, martxoaren 21a baino lehen. Hamabi pertsona aukeratuko dira eta martxoaren 27an jakinaraziko da ebazpena.
