Oihana Iguaranek irabazi du Kaixo Maitiaren Kontaketa Erotikoen Lehiaketa

Kaixomaitia.eus guneak 2021ko abenduan abiarazi zuen Kontaketa Erotikoen Leihaketaren II. edizioa, eta hogeita bat testu jaso zituzten deialdia egin ondotik. Dorleta Kortazar Alkoz ipuin kontalariak, Antxiñe Mendizabal Aranburu idazle eta editoreak, eta Iñigo Arandia Galarraga webguneko kudeatzaileak osatutako epaimahaiak zortzi lan finalista aukeratu zituen. Guneko erabiltzaileek lanak baloratzeko tartea izan zuten eta, horren ondotik, epaimahaiak behin betiko sailkapena erabaki du.
Hauxe izan da bigarren edizio honetako zortzi lan finalisten hurrenkera: Ostera, Oihana Iguaran; Inspirazio basa, Irati Goikoetxea; Bihotza lapurtu zidan Panpayruna, Ernesto Prat; Vänköpingeko sauna, Mikel Casuso; Azalera, Oihana Iguaran; Esnatu, Maialen Lizarralde; Itzulera, Haizea Muñoa; eta Gorria, La Perlata Punk Rock.
Oihana Iguaran Barandiaran amasarrak bi testu aurkeztu zituen eta biek egin dute finalerako bidea, eta, azkenik, Ostera kontakizuna izan da irabazlea. Antolatzaileek azaldu dutenez, "haur bat izan berri duen bikote bat da une berezi horretako «sexualitatearen geruza berriak» indar eta dotorezia handiz kontatzen dituen narrazioko protagonista".
Lehen hiru sailkatuek 1.000, 500, eta 250 euro jaso dituzte hurrenez hurren. Gainera, zortzi finalistek ehun euroko Elkar opari txartela eta liburu-sorta izan dute opari. Iguaranek ezin izan zuen sari banaketara joan eta saria helaraziko zaio.