Oier Lakuntza: "Bertsotan edo kimikan, loturak bilatzea da gakoa"

Oier Lakuntza: "Bertsotan edo kimikan, loturak bilatzea da gakoa" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/oier-lakuntza-quotbertsotan-edo-kimikan-loturak-bilatzea-da-gakoaquot/@@download/image/20122293192oier_1368622410.jpg
2012/03/02
erreportajea
Testua: Maialen Goñi
Oier Lakuntza: "Bertsotan edo kimikan, loturak bilatzea da gakoa"
Oier Lakuntza. 26 urte. Bertsolaria, eta ekainetik aurrera, Kimika Kuantikoan doktorea. Nafarroako Bertso Txapelketan, Bardoak-en, dabil aurten ere.


Eskolan hasi zinen betsotan. Zergatik bertsolaritza?
Euskara gustatzen zitzaidalako, eta euskararekin jolastea atsegin nuelako, hitzekin aritzea.

Zer sentitzen duzu oholtza gainean zaudenean?

Hasieran urduritasuna, baina behin mikrofono aurrean jarritakoan zerbait polita egiteko gogoa.

Eta irten aurretik, eszenatokiaren beheko aldean?
Egun ona izango ote dudan edo ez horrek kezka sortzen dit, beldur puntu bat ematen dit. Baina baita ilusioa ere.

Maniaren bat ba al duzu?
Azken aldian bertso saioak arratsaldetan izaten dira, 18:00ak aldera, eta horren aurretik hiritik bueltatxoren bat ematea gustatzen zait. Baina gainerantzean ez dut mania berezirik.

Zeinekin egin duzu bertsotan gusturen?
Eneko Lazkozekin egitea tokatu izan zait finalen batean, eta oso gustura aritu nintzen. Gainera, uste dut berarekin aritzen naizen saioetan bertso politak irteten zaizkigula.

Eta egin ez duzun norekin egitea gustatuko litzaizuke?

Amets Arzallusekin.

Zeri buruz aritzea gustatzen zaizu? Zein gai dituzun gustukoen?
Egia esan, umoretik jotzen dudanean ez naiz abil ibiltzen. Nahiago izaten dut gauzak asmatzea, hari bat hartu eta horri tiraka joatea. Hau da, fikzioa den zerbaiten inguruan kantatu behar dudanean, baina aldi berean ni naizena izaten uzte didanean, oso gustura aritzen naiz. Niri gertatu zaidan zerbaiti buruz ere erraz egiten dut kantuan.

Zein da bertsolariren batek eman dizun gomendiorik hoberena?
Ni neu izateko, nahiz eta ez dakidan zehatz nork esan izan didan. Beharbada Oskar Estangak edo Arkaitz Goikoetxeak, baina ez dakit ziur.

Bertsolaritzarekin kimika sentitu zenuen txikitatik. Kimikarekin ere, harreman kimikoa duzu. Ba al dute loturarik zenbakiek eta letrek?
Bertsolaritzan hitzen arteko loturak bilatzen ditugu, elkar lotzeko modurik egokienak, eta kimikan ere atomoen arteko elkarketaren bila aritzen gara. Azken batean, gauza bera da, lotura bilatzea da gakoa.

Eta zertan sentitzen zara gusturago, letretan ala zientzian?
Egia esan, betidanik zientzietan esan izan dut, baina letren munduan ere gauzak egiteko gogoa sartzen ari zait. Orain behintzat, ez nizuke erantzun oso argirik emango.

Inoiz ahaztuko ez duzun bertso saioren bat?
Orain dela zortzi urte inguruko Euskal Herriko Bertso Txapelketa ongi gogoratzen dut. Bertsolarien artean Xabier Silveira, Igor Elortza, eta beste hainbat zeuden. Josu Goikoetxea gai jartzaileak honako gaia jarri zion Silveirari: “Euskal Herriko txapelketan poto egin, eta lehiaketatik kanpo geratu zara, hain zuzen berari gertatu zitzaiona”. Eta egia esan, berak bota zituen bertsoak asko gustatu zitzaizkidan.

Eta zure oroimenetik ezabatuko zenukeena?
Hori oso ongi gogoratzen dut. Uste dut nire bigarren Nafarroako Bertso Txapelketa izan zela. Nik Leitzan kantatu nuen, eta ohi bezela, kartzelakoan lehendabizi atera nintzen. Gaia jarri zidaten, eta lehen bertsoa hala moduz bota nuen. Baina bigarrena izan zen okerragoa: hasteko unean amaiera zertxobait pentsatuta bainuen, baina gainerakoan galduta nengoen! Erabat txuri geratu nintzen, ez zitzaidan ezertxo ere bururatzen!  

Nor bidaliko zenuke infernura?
Azken hilabeteetan izandako gorabeherekin, kazetari guztiak bidaliko nituzke, etengabe nire atzetik dabiltzalako —barrez—. Baina ongi pentsatuta, ezinduei buruz etengabe aritzen direnak, baina praktikan deus egiten ez dutenak bidaliko nituzke pikutara.

Eta zerura?
Benetan pentsatzen eta sinesten duen horren alde borrokan ari dena.

Lagunekin bazkalostean... bertsotan?
Ez dut ohitura handirik. Tarteka hasi izan naiz, baina beharbada giro egokirik aurkitu ez dudalako edo, ez naiz gehiegi aritzen.

Galtzeko tokiren bat..

Urbasako mendiak.