Oier Guillan: Militantziaren xendra idatzia

Oier Guillan: Militantziaren xendra idatzia https://www.gaztezulo.eus/albisteak/oier-guillan-militantziaren-xendra-idatzia/@@download/image/oier_guillan_1370522955.jpg
2013/06/10
erreportajea
Testua: Peru Iparragirre
Oier Guillan: Militantziaren xendra idatzia
Poesia bilatu egin behar dela dirudi. Aurkitzen duenak bakarrik maita edo gorrota dezakeela. Poesia ez da erakusleihoetako leku hoberenetan jartzen. Ez dute poesia merkerik saltzen gasolindegietan.

Agian, poesia merkantzia soil bat baino gehiago delako. Airean dabil, norbaitek megafono batetik, mikrofono batetik edota ametsetan errezitatu duelako. Poesia arnasten dugu, poesia hitz egiten,   poesia kontatzen eta zenbatzen. Poesia bizi dugu eta bizitzeko behar dugu.

Oier Guillan (Donostia, 1975) poesia mikrofono batetik, megafono batetik edo gabe airera botatzen dabil etengabe. Teatroaren munduan hemezortzi urterekin murgildu zen eta geroztik dabil taula gainean batzuetan eta paperaren aurrean besteetan. Orain gutxi Susa argitaletxearekin kaleratu duen Elkartasun basatia poema-liburua aurkezten ari da, errezitaldiak eginez. Teatrotik gertu dabilen poesia da Guillanena, bizia, eszena gainean irudikatu daitekeena, kalean ikusten dena.

Metrokoadroka kolektiboak "hainbat arte diziplinetan gabiltzan hamaika lagunek osatu dugun kolektibo" bezala definitzen du bere burua. Hainbat lan argitaratu eta taularatu dituzte, formatu eta mota guztietakoak. Batzuk aipatzearren, Hura ez da lekua (2012, Txalaparta), Poza (2012) antzezlana, eta aurten Berria egunkariaren hamargarren urteurrenerako prestatu duten Zertarako hegoak antzezlana. Kolektibo honen partaide dira: Ainhoa Alberdi, Alvaro Ledesma, Idoia Beratarbide, Ander Fernandez, Allende Arnaiz eta Oier Guillan bera, besteak beste.

Bibliografia


Poesia
Begi bien sujauzia (1998, Mikelazulo)
Gabeziak (2001, Bermingham)
Erloju lehorrak (2006, Bermingham)
Ate hautsiak (2008, Arabako Foru Aldundia)
Eskuen sustraiak (2009, Susa)
Elkartasun basatia (2013, Susa)

Antzerkia
Munduko jakintsurik tontoena (2009, BatBada)
Arra. Arraroa (2010, Artezblai)
Herio heroi (2010, Artezblai)

Poesia/Narrazioa
Hura ez da lekua (2012, Txalaparta)