Oier Gil: "Ez dut arteaz bakarrik bizi den inor ezagutzen"

Oier Gil: "Ez dut arteaz bakarrik bizi den inor ezagutzen" Sare sozialak astindu ditu Oier Gil (Irun, 1990) artistak; dagoeneko 2.287 jarraitzaile ditu Instagramen martxan duen Kakittenproject proiektuak. Arte sozialean egiten du lan, botere menderatzaileak hainbat inguruetan eragiten dituen desorekak zalantzan jarriz. Gizarte protestaren artikulazio kontzientearen inguruan doktoretza egitekotan dabilen bitartean, hainbat proiektu ditu eskuartean. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/oier-gil-ez-dut-arteaz-bakarrik-bizi-den-inor-ezagutzen/@@download/image/Captura de pantalla 2017-02-28 a las 16.02.15.png
2017/02/28
elkarrizketa

Ane Urrutikoetxea

Sare sozialak astindu ditu Oier Gil (Irun, 1990) artistak; dagoeneko 2.287 jarraitzaile ditu Instagramen martxan duen Kakittenproject proiektuak. Arte sozialean egiten du lan, botere menderatzaileak hainbat inguruetan eragiten dituen desorekak zalantzan jarriz. Gizarte protestaren artikulazio kontzientearen inguruan doktoretza egitekotan dabilen bitartean, hainbat proiektu ditu eskuartean.
Oier Gil: "Ez dut arteaz bakarrik bizi den inor ezagutzen"

Madrilgo ARCO ferian harrapatu zaitugu. Zertan ibili zara?

Ez dut artelanik bertan, baina bi proiektu kudeatzen ibili naiz; bestalde Irungo I. Ri8era Ikerketa antropologia-arte bekarekin lanean nabil. Dena den, beti hurbiltzen naiz ARCO feriara, zer dagoen ikustera.

Urtero bezala, obra polemikoak ikusi dira bertan; non definituko zenuke artea denaren muga?

Ikuspegi irekiarekin joan behar da halako erakusketetara; proiektua ulertzen saiatzen naiz, baloratu aurretik. 'Zer da artea?' Artistok erantzun behar dugun galderarik zailena da. Nire ustez, hiru mailatan banatzen da erantzuna: artea, artearen mundua eta artearen sistema. Artea obra litzateke, mundua kokatzen den garai eta lekukotasuna, eta sistema inguruko arte tasatzaile, komisario, museo, erosle eta gainontzeko eragileak.

Kakittenproject Instagramen duzun proiektuan egunero selfie bat argitaratzen duzu komunean zaudela; eztabaidarik sortu al du?

Maitasun eta gorroto sentipen kontrajarriak ditut proiektu horrekin. Broma bezala hasi nuen, eta egia esan, nire lan ildotik nahiko aldenduta dago. WhatsApp bidez hasi zen dena, probokazio bat medio; mila argazkitara iritsi nintzenean, Getxoarte ferian eskegi nituen erakusketa batean, jendearen erreakzioa ikusteko. Mota askotako erantzunak jaso nituen; batzuek zentzua ikusi zioten proiektuari, besteek nire zakila ikusi zutela esan zidaten, baten batek ajea nuen eguneko argazkia topatu zuen... Asko disfrutatu nuen jendearekin zuzeneko hartu-eman horrekin, eta beraz, proiektua Instagramen jarraitzea erabaki nuen.

Mota askotako erantzunak jaso nituen; batzuek zentzua ikusi zioten proiektuari, besteek nire zakila ikusi zutela esan zidaten, baten batek ajea nuen eguneko argazkia topatu zuen...

Egunero argazki bat komunean; zergatik? Amaierarik ba ote du?

Errepikapen konpultsiboan oinarrituta dago proiektua, eta oraingoz, ez du amaiera datarik. Gustura egiten dut; komuna leku berezia da niretzat, askatasun une bat bizi dut bertara noan bakoitzean. Hausnarketa sakonenak komunean izaten ditut.

Instagramen etengabeko selfie bonbardaketa ikusi daiteke; horren kritika ote da zure  lana?

Hala da; niri, hondartzan ateratako oinen argazkiak datozkit burura. 'Atsegin dut' edota bihotzen bildumagileak gara, etengabeko onarpen birtuala bilatzen dugu; hori da egungo joera. Kakittenproject perspektiba kritiko batetik planteatuta dago, eta jendearen erreakzioa da bilatzen dudana.

Artista zarela esaten duzunean, jendeak nola imajinatzen zaitu?

Beti dator burura sosik gabe gelatxo batean sortzen dabilen artista torturatuaren irudi erromantikoa, eta zoritxarrez, ez dago errealitatetik oso urrun. Ez dut arteaz bakarrik bizi den inor ezagutzen; gehienok bestelako enplegu bat dugu. Nik, zorionez, artearekin eta egiten dudanarekin lotura zuzena duen lanbide bat topatu dut, baina askok oso bestelako lanak dituzte. Bestalde, uste dena baino maizago gertatzen dira abusuak; ezagun batek kontatu zidan behin Frantzian pareta bat margotzeko deialdia zabaldu zutela; bada brotxaz margotzen duen edozein margotzailek kobratzen duenaren erdia ordaindu zioten margolariari. Nik neuk ere desengainu ugari bizi izan ditut; esate baterako, Tabakaleran lanean ibili nintzen tarte batez, eta erabat nazkatu nintzen. Ubik eta antzeko egitasmoak bestelakoak izango zirela uste nuen, gazte jendearentzat espazio bat sortuko zutela, baina orain arte ez dut artista hasiberrien erakusketarik ikusi bertan.

Tabakaleran lanean ibili nintzen tarte batez, eta erabat nazkatu nintzen. Ubik eta antzeko egitasmoak bestelakoak izango zirela uste nuen, gazte jendearentzat espazio bat sortuko zutela

Zein da artearen mundua horren prekarioa izatearen arrazoia zure ustez?

Lehenik, Espainian egoteak ez digu onik egiten artearen munduan gabiltzanoi; ez dago arte garaikidea arautzen duen legerik, eta beraz, artistok ez dugu soldata minimorik. Asko dira erakusketak doan izan behar dutela uste duten erakundeek; 'Nire espazioa utzi dizut, zure obra ikus dadin, hori ez al da nahikoa?' esaten dizute. Dena den, artistok ere badugu erantzukizunik; artea artearengatik egitera ohitu dira asko, baina artea norbaitek disfrutatzeko dela ahazten dugu.

Jorge Oteiza garaikidetzat hartzen da oraindik gaur egun, nahiz eta aurreko mendean jaioa izan! Museoek hilerri kutsua dutela iruditzen zait, eta oso nabaria da oraindik pertsona helduek gobernatzen dituztela

Arte garaikidea abstraktua eta ulerkaitza suertatzen zaio publiko zabalari; ez ote dugu artea ulertu eta baloratzeko ahalmen edo hezkuntza maila nahikorik?

Denetarik dago, arte garaikidean ere bai, eta beraz, norberak bere gustuekin bat egiten duen artea topatu behar du; baina bai, artistok egin behar dugu jendearengana hurbiltzeko esfortzua. Ez dut uste dena ikuslearen erantzukizuna denik. Mahoma ez badoa mendira, mendiak Mahomarengana joan beharko du. Museoek ere zailtasunak dituzte jendea erakartzeko; arteaz gozatzeko beste bide batzuk uztartu beharko lirateke. Bestalde, Jorge Oteiza garaikidetzat hartzen da oraindik gaur egun, nahiz eta aurreko mendean jaioa izan! Museoek hilerri kutsua dutela iruditzen zait, eta oso nabaria da oraindik pertsona helduek gobernatzen dituztela, gazteen perspektibatik oso urrrun. Tabakalerak berak, artistagazteentzat tranpolina izateko aukera zuen Donostia 2016 aitzaki hartuta, baina ez zuten ezer egin. Gauza berriak egiteko jarrera falta ikaragarria da.