Oiartzungo 'Literatura Plazara' ekimena martxan izango da gaurtik martxoaren 3ra
Liburu aurkezpenak, tailerra, emanaldiak eta haurren filosofia saioa izango dira besteak beste.
1545 argitaletxeko kideek Literatura Plazara ekimenaren bigarren edizioa antolatu dute otsailaren 21etik martxoaren 3ra bitartean, eta bederatzi ekitaldi egingo dituzte. “Euskara, jalgi hadi plazara argitaratu zuen Bernat Etxeparek 1545. urtean; Literatura, jalgi hadi plazara diogu guk orain, literatura arnasgune izan nahi duen Oiartzun herritik”, azaldu dute. Liburuen plazera plazara ateratzea izango da asmoa.
Gaur, Lehen Hezkuntzako 3 eta 4.mailako ikasleekin irakurle talde berezia egingo dute, Karmele Mitxelenarekin. Liburutegiko ganbaran izango da, 17:30ean.
Etzi, hilaren 21ean, Goiatz Labandibarrek idazle ibilbidearen eta Bekatua liburuaren inguruko solasaldia eskainiko du Gurutzeko auzoko Galdosenean. Arratsaldeko 19:00etan izango da, eta Usoa Arbelaitzek eta Iraitz Mateok gidatuko dute.
Larunbatean, hilaren 24an, 4 eta 7 urte bitarteko haurrentzat ipuin-kontaketa antolatu dute goizeko 11:00etan, Basati liburuaren aurkezpena tartean, Amaia Egidazu ipuin-kontalariarekin. Udalbatza Aretoan izango da. Hurrengo egunean, berriz, haur filosofia saioa egingo dute Pello Añorgarekin, literatuaren eta artearen ekarpenaz. Abaraxkan izango da, 17:00etan.

Otsailaren 28an, Jon Martinek bere tesian oinarritutako Xabier Lete, bertsoen neurrian izenburua duen liburua aurkeztuko du, Arizmendienean, 19:00etan.
Martxoaren 2an, larunbata, Literaturan jolasa gauza serioa da izeneko idazketa tailerra izango da 10:30etik 13:00etara, 12 eta 18 urte bitarteko gazteentzat. Oier Guillanek gidatuko du tailerra, Ehuntze sormen espazioan.
Martxoaren 3an emango diote itxiera egitarauari. Meza Nagusia ikuskizuna erakutsiko dute Uxue Alberdi bertsolariak eta Amorante musikariak, eguerdiko hamabietan. Azkenik, arratsaldeko 18:00etan, Harkaitz Canok, Maite Larburuk eta Beñat Barandiaranek Soneto bat irakurtzeko 20 modu taularatuko dute Landetxe aretoan.
