Oholtzara igotzeko ausardia

Lehen aldiz oholtza gainera igo eta jendaurrean kontzertua eskaintzea ametsa da askorentzat, beldur eta ilusio nahasketa zoragarriarekin bizi den unea. Musikari hasiberriek baina, erraztasun gutxi dituzte lehen pauso horiek emateko garaian. Bultzada txiki bat eman eta aldi berean Donostiako jarduera ludiko-turistikoa Alde Zaharrera edota Zurriolako gunera mugatu ez dadin, Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteak bigarren aldiz antolatu du Buskers Jaialdia, Donostiako Sustapenak eta Donostia Kulturak lagunduta. Hala, hiriko auzoak musikarekin alaitu eta bidebatez talentu berriak ezagutzera emango dituzte gaurtik igandera bitarte.
Asteburu honetan, Gipuzkoako hogei duo eta bakarlarien emanaldiaz gozatzeko aukera eskainiko du jaialdiak; aldi berean, epaimahai profesional batek emanaldiak baloratuko ditu, eta bost musikari hautatuko dituzte Gabonetako Azokan opsatuko den finalerako. Hain zuzen, final horetan hiru sari banatuko dituzte: lehen saria 1.200 eurokoa, bigarrena 800 eurokoa eta hirugarrena 500 eurokoa. Sarien erdia Oiartzungo Rock Musik dendan erabiltzeko txekea izango da.
LEHEN PAUSOAK EMANEZ
Iker Gutierrez (Lazkao, 1992) musikaria bigarren aldiz aurkeztuko da Buskers Jaialdiko leihaketara; iaz Sin Mala Intención bere taldeak parte hartu zuen, eta aurten bera bakarrik ausartuko da. Bihar, hilak 11 ostirala, bere txanda izango da; 19:30ean Victoria Cafen igoko da oholtzara, eta ondoren, 20:30ean, Room Mate Gorkan. Dena ondo badoa, Gabonetako Azokan jotzeko txartela lortuko du:
Noiztik zara musikaria?
Txikitatik jotzen dut gitarra, eta abestea ere betidanik gustatu zait.
Ostiralean oholtzara igotzeko urduri?
Ez da oholtzara igoko naizen lehen aldia; Sin Mala Intención taldearekin jotzen dut, eta noiz edo noiz tabernetan izan naiz beste taldeen bertsio akustikoak eskaintzen. Horrekin batera, EITBren Bagoaz! saioan izan naiz aurten. Esan daiteke ez dudala taularatzeko beldurrik; ikus-entzunezkoak ikasten amaitu nuen iaz, eta ohituta nago jendaurrean ibiltzea.
Zer entzungo dute ostiralean Victoria Cafera eta Room Mate Gorkara hurbiltzen direnek?
Oraindik ez dut guztiz erabaki eskainiko dudana, baina beste taldeen bertsioak egingo ditut, ziur aski Mikel Laboa, MClan, Katamalo... Pop-rock akustikoko kontzertua izango da, euskaraz, gazteleraz eta apur bat ingelesez.
"Mikel Laboaren popurriak beti funtzionatzen du".
Inoiz giroa hotza zegoela sentitu duzu? Zeintzuk da jendearen animoak pizteko erabiltzen dituzun abestiak?
Sarritan dezente kostatzen da giroa berotzea; jendeak ezagutzen ez zaituenean hotz hartzen zaitu, eta orduan abesti ezagunak jotzen ditut, jendea abestuz parte hartzera gonbidatuz. Truko eraginkorra izaten da. Adibidez, Mikel Laboaren popurriak beti funtzionatzen du.
Kantu propioak ere eskainiko dituzu?
Horretarako denbora behar da, eta oraingoz ez dut abesti propiorik sortu. Gure taldeko abeslariak oso letra politak egiten dituenez, ni ez naiz sormen lanetan sartu orain arte. Musika afizioa da niretzat, ez lanbidea; honekin disfrutatzen saiatzen naiz.
Zeintzuk dira zure erreferenteak?
Asko aipatuko nituzke; lehena Scorpions talde alemaniarra litzateke. 50 urte damatzate jotzen, izugarriak dira; dena den, ez dut haien musika jotzen, hard-rocka baita. Gero daude Fito & los Fitipaldis, MClan... ahotsak flipatzen nau. Eta noski, Gatibu... Alex Sarduirekin Bagoaz! saioan kontziditu nuen eta sekulakoa izan zen, asko ikasi nuen. Saio horretan ere, nire lasaitasunak lagundu zidan, eta 12 programetan irautea lortu nuen.
Buskers Jaialdiaren ondoren, zer duzu eskuartean?
Taldearekin bigarren diskoa kaleratzera goaz; dena prest dugu ia, eta ondoren, zuzenekoekin hasiko gara.