Ohitura bitxiak

Ohitura bitxiak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ohitura-bitxiak/@@download/image/9p34-1.jpg
2012/12/13
elkarrizketa
Ohitura bitxiak
Jaietan mota guztietako ohiturak daude. Batzuen sustraiak bilatzeko, historian barrena murgildu eta urteetan edo mendeetan atzera egin beharko genuke. Beste batzuk, aldiz, duela gutxi sortuak dira. Hona hemen zenbait adibide. 

Poteo elegantea.
Dotore-dotore jantzita poteoan ateratzea herri askotako festetako ohitura da, Segurako sanjoanetakoa, adibidez. Beranduago, Arrasateko Maritxu Kajoi festan gauza bera egiten dute. 
Oilasko bilketa.
Zarautzen, sanpelaioetan, ekaina amaieran, koadrilak baserriz baserri ibiltzen dira oilaskoak biltzen. Ezkongabeek besterik ezin dute bertan parte hartu. Igeldoko sanpedrotan bilketa egin ondoren, neska-mutilek, dantzan ari direla, lepoa mozten diete oilaskoei. Adunan ere, Gipuzkoan, gauza bera egiten dute. Ekologistek, noski, ez dute ohitura hau begi onez ikusten.
Edabe magikoa.
Asterixen herrian bezalaxe, zenbait tokietan edabe magikoren bat edan behar dute jaien zoramenari aurre egiteko. Otxandioko santamañetan, esaterako, "limonada" prestatu ohi dute. "Limonada" berezia da honako hau. Osagarriak: ardo zuria ala beltza, ur pixka bat, limoia eta azukrea. Goxoa... eta baita arriskutsua ere! 
Ardoa herriko iturrian.
Arabako Zalduondoko jaietan, uztailean, iturriak ura ordez ardoa isurtzen du. Honelakoak ikusita, nolatan joan zen Zeledon Gasteizera bizitzera?
Ondoko herrikoei adar joka.
Nola ez bada! Herri askotan auzoei adarra jotzea "kirol nazionala" da. Ordiziako santanetan, bukaeran, "Barearen hileta" egiten dute. Nortzuk dira bareak? Beasaindarrak, noski.
Mota guztietako lasterketak...
Herri batzuetan galtzontzilo eta kulero lasterketek sekulako arrakasta dute. Gernikako sanroketan eta Astrabuduako sanlorentzotan, adibidez, lasterketa berezi hauek egiten dira. Zertan dabiltza San Roke eta San Lorentzo hainbeste galtzontzilo eta kulero artean? Auskalo. Eskorga lasterketak ere egiten dira, Irurtzunen: eskorga hartu, lagun bat gainean eseri eta aldapan gora, nork lehenago eraman. Eta lasterketen atala bukatzeko, Nafarroako Aratzurira joko dugu. Bertan, zerri lasterketa egiteko ohitura dago. Sona handiko txapelketa honetan izen berezietako zerriek parte hartu ohi dute: "Ansuategi", "Sanz", "Barcina"...
...eta jaurtiketak.
Ezbairik gabe, jaurtiketa txapelketetan, nafarrak jaun eta jabe dira. Aitzindariak Erriberako marzillarrak dira; urtero sanbartolometan, abuztuaren 24a aldera, aitzurra jaurtiketa txapelketa egiten dute. Marzillaren bidetik, hainbat herritan bestelako jaurtiketa txapelketak antolatzen hasi dira. Altsasun, esaterako, txistorra jaurtiketa egin izan dute. Eta gure informazio iturriak oker ez badaude, Nafarroan telefono mugikor eta aizkora jaurtiketak ere antolatu izan dira. 
Merenge gerra.
Soraluzen, Santiago-Santa Ana jaietan, azken egunean, goizeko 03.00ak edo 04.00ak aldera, parrandazaleek tabernetan merengea hartu eta elkarri botatzen diote kalean. Sekulako gerra egiten omen dute! 
Afari bikingoa.
Bikingoa edo Erdi Arokoa... Kontua da eskuez jatea eta zikin zikin egitea. Burlatan, Andra Mari jaietan, duela 11 urtetik hona urtero egin ohi dute. Menua: bildotsa eta ardoa, barra-barra.
Makala.  
Arrasateko sanjoanetan herriko koadrilek makala altxatzen dute plazan. Makalak ikurriña izaten du puntan, eta neska-mutilak festetan ikurriña jaisten ahalegintzen dira. Antzeko ohiturak daude Euskal Herriko beste herri batzuetan. Sakanan ere gauza bera egiten dute maiatzan, Iturmendin, Etxarri Aranatzen edo Bakaikun, esaterako.
Gurdi edo karroza desfileak.  
Baztandarren Biltzarrekoa, Elizondon, edo Pasai Antxoko sanferminetakoa oso ezagunak dira. Dena den, guk beste bat nabarmenduko dizuegu: Sarakoa. Irailaren bigarren astean, Sarako koadrilek auto zaharrak hartu eta tren edo tanke bihurtzen dituzte. Ohitura zaharra omen da.

Sanferminetan gertatua



Zer ez ote da gertatzen Iruñean sanferminetan! Entzierroak pasadizo iturri ezinhobea izaten dira. Iaz, esaterako, morroi bat patinekin ateratzen ahalegindu zen.

Jaietako protagonistak



• Gasteizko Zeledon. Arabarrak ez direnek beharbada ez dakite duela bi mende hezur mamizko Zeledon izan zenik. Celedonio Anzola Garcia de Andoin izena zuen, Zalduendon 1796ean jaioa, eta 21 urterekin, Gasteizko Zapatari kalera bizitzera joana. Kantuak dioen bezala, leihodun eta balkoidun etxea egin zuen bertan. Arabako Dulantzin ere antzeko pertsonaia dute, Tripafina.
• Amurrioko Iguarrakoa. Txori mitiko, eta bertako lagun batzuek esan digutenez, itsusi honen jaitsierarekin bat, festak hasten dira, abuztu erdialdean.
• Bilboko Marijaia. Marijaiari berdin zaio abuztuko bero sapa, besoak beti gora. Desodorante baten iragarkia egiteko fitxatu behar dute.
• Antzuolako Mairua. Antzuolatarrek aspaldi musulmanen aurka irabazitako borroka ekartzen dute gogora uztaila bukaeran. Atzerritartasun Legea ezarriko al diote aurten Mairuari?
• Biasteriko Katximorroa. Sanjoanetan lastoz beteriko untxi larru batez jendea egurtzen ibili ohi da.
• Otsagiko Boboa. Iraila hasieran Muskildako Amaren omenez egin ohi diren festetako protagonista nagusia da.

Maskuri dantza



Euskal Herriko udako jaietan mota guztietako dantzak ditugu. Guk hemen, hala ere, Hernaniko Maskuri dantza nabarmenduko dugu. Ez da txantxetako kontua. Sanjoanetan, bat baino gehiago ipurmasailak eta bizkarra ederki berotuta joaten da ohera, gaupasa egin ondoren. Dantza honetan, herriko koadrila batek, sokari helduta eta maskuria eskuan, parrandazaleak egurtzen ditu. Garai batean Maskuri dantza Axeri dantzaren zatia zen, baina hala ere, Hernanin zati hau besterik ez dute gorde.