Odol diskriminazioa Japonian

Odol diskriminazioa Japonian Superstizio batek japoniarrak bereizten ditu odol taldearen arabera. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/odol-diskriminazioa-japonian/@@download/image/header-1280x.jpg
2019/08/21
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Superstizio batek japoniarrak bereizten ditu odol taldearen arabera.
Odol diskriminazioa Japonian

Katu beltz bat ikustean espaloiez aldatzen zarete? Hatzak gurutzatzen dituzue edo egurra ukitzen duzue zorte ona desiratzeko? Sineskeriei kasu egiten dien horietakoa bazara, adi Japonian duten superstizio bitxi honi; herrialde honetan, zure odol taldeak garrantzi handia dauka. Hain zuzen, japoniarrentzat odola horoskopoaren antzekoa da, eta odol taldeek bakoitzaren nortasuna eta izaera definitzen dute. Hala, odol taldearen arabera bullying-a jasan daiteke lanean, eta bikotea topatzeko zailtasunak izan daitezke.

Odolak garrantzi handia izan du betidanik kultura gehienetan, baina japoniarren superstizio hau nahiko berria da, 20ko hamarkadan jaiotakoa. Hain zuzen, Takeji Furukawa irakasleak argitaratutako ikerketa batek eragin zituen sinesmen horiek; ikerketak oinarri zientifikorik ez duten arren, herrialdeko militarrak odolaren araberako azterketak egiten hasi ziren, "soldadu bikainenak" topatzeko asmoarekin. 

Ondoren, Japoniako Gobernuak azterketa horiek erabili zituen japoniarren eta taiwandarren odol nahasketa defendatzeko; garai horretan, taiwandarrak beren independentzia lortzeko borrokan zebiltzan, baina japoniarren ustetan beren odolean indarkeriarako joera zuten, eta horretan baliatu nahi zuten (taiwandarren biztanleen %40 O taldeko odola dute).

Hala, hauek dira Japonian odolaren sineskerien inguruan sortutako kategoriak: 

  • A taldea edo Nekazariak: lotsatiak, kezkatzen direnak, bikaintasuna bilatzen dutenak... Britney Spears eta Adolf Hitler talde honetakoak dira. 
  • O taldea edo Gerlariak: erabakiak hartzeko erraztasuna dutenak, bere buruan sinisten dutenak, kirolariak... Elvis Presley edota Isabel II. 
  • B taldea edo  Ehiztariak: laguntzeko prest beti, askeak, bitxiak... Jack Nicholson aktorea talde honetakoa da. 
  • AB edo Humanistak: urrunak, arterako abilak... talde honetako kidea zen Mao Zedong.

Egun, japoniar gehienek ez dute onartzen sineskeria horri kasu egiten diotenik, baina egiatan, oraindik indarra duen superstizioa da. Hala, The Guardian eta BBC komunikabideek kontatu dutenari erreparatuta, badira haurrak odol taldearen arabera bereizten dituzten aurreskolak, nortasun zehatzak eraikitzera bultzatuz, eta zoritxarrez, bulllying-a bultzatuz. Hain zuzen, Japonian odolaren araberako jazarpenari "Bura-hara" deitzen diote. Hala, badira lanpostu baterako odol taldea kontutan hartzen duten enpresak, eta bikotea bilatzerako orduan ere, askok kontutan izaten duten ezaugarria da.