ODIK-ek ajearen soinu-banda elektronikoa sortu du: 'AMAAAAA!'
ODIK-ek AMAAAAA! izeneko kantua aurkeztu du, musikariak berak izendatu duenez, "uda honetako ajearen soinu-banda elektronikoa".
Ajea abiapuntutzat hartu, eta musika elektronikoa, umorea eta eguneroko egoerak uztartzen dituen abestia sortu du, erritmo dantzagarri eta lelo itsaskorrak dituena. ODIKek adierazi duenez, "buruko mina, pijama kentzeko gogorik eza eta hozkailura egindako bisitak" dira abestiaren ardatza. Festa osteko egunetan entzuteko aproposa izan daiteke beraz.
Aurrez KIMI K kantua ere kaleratu du ODIKek. Elektronika eta kritika soziala ditu osagai nagusiak, eta egungo testuinguru ekonomikoari begirada kritikoa eskaintzen dio, maitasun istorio baten bidez. Inflazioa, BEZa eta burtsa erreferentziatzat hartu ditu, umorez eta ironiaz jorratzeko, eta harreman pertsonalen eta ekonomiaren arteko lotura ezohikoa eraiki du.
ODIKek 2019an hasi zuen bere ibilbidea, eta musika eta irudia ezkontzen ditu bere proiektu artistikoan.B ere letretan eta iruditerian begirada queerra txertatu du, LGTBI´Q+ borroka, ikusgarritasuna eta askatasuna erdigunean jarrita. BONJOUR izeneko zuzeneko ikuskizuna eta izen bereko albuma ditu ibilbideko etapa honetako langaiak.
