Obits eta Ya te digo: Aukeran, lokatz gehiago

Obits eta Ya te digo: Aukeran, lokatz gehiago https://www.gaztezulo.eus/albisteak/obits-eta-ya-te-digo-aukeran-lokatz-gehiago/@@download/image/201047796obits__1362426589.jpg
2010/04/02
erreportajea
Testua: Julen Azpitarte Argazkiak: Iñaki Landa
Obits eta Ya te digo: Aukeran, lokatz gehiago
Bilboko Santana 27 aretoan izan berri gara bi lagun eta hirurok Obits eta Ya Te Digo taldeen kontzertua ikusten. Autoz joan ginen.

Emanaldiaren berri aspalditik genuen, eta Obits banda estatubatuarrean Rick Froberg gitarra jole eta abeslaria zebilela jakinik, ez genuen inolako zalantzarik izan (taldeak daukan disko bakarra, In Blame You, ondo baino hobeto entzunda generaman). Drive Like Jehu, Pitchfork edo Hot Snakes maila handiko post-hardcore bandetan arituriko musikaria da Rick Froberg. Hiruretan John Speedo Reisekin, Rocket from the Crypt taldeko gitarrarekin, aritu da. Ezinbesteko aurrekari hauen guztien berri eman ondoren, ekin diezaiogun, beraz, kontzertuari.

Santana 27 aretoko goiko pisura igo gintuzten, non, antza, elektronikako saioak egiten diren –50 bat lagun geundela esango nuke–. Kontzertua Yo La Tengo bilbotarrekin hasi zen eta ondo aritu ziren, batez ere abeslari eta gitarra jotzailea. Baxu jotzailearen protagonismoa ere nabarmendu behar. Yo La Tengok Girls Against Boys, Spacemen 3, Velvet eta antzeko taldeak ditu erreferente.

Ondoren, Obits taularatu zen. Laukoteak Froberg-en aurreko taldeetatik nahiko urrun dagoen soinua jorratzen du, indie rock garaikidearen eta surf klasikoaren uztarketaren traza hartzen diot nik. Laurak ezin ziren kasik mugitu, posteak ziruditen, batez ere baxu jotzailea; erabat hordirik zegoela zirudien. Hala ere, taldea fin-fin ibili zen. Hala, kontzertuak eman behar zuena eman zuen, bere mailan, baina zerbait gehiago espero genuen, baita publikoarengandik ere. Hirurok ondo baino hobeto pasatu genuen eta dantzan ere aritu ginen aurreko ilaratan. Lokatz eta izerdi gehiago eskatzen dizkiot nik honelako ekitaldi bati...