Nuria Cullak 'Hamaika gau' abestia kaleratu du
Nuria Culla abeslari eta konpositore donostiarrak bere hurrengo diskoko Hamaika gau aurrerapen kantua argitaratu du. Maitasunari buruzko kantua da, tonu malenkoniatsu eta etsi samarra duena. Hamaikako konpas batean melodia bat konposatzean oinarritutako eskolako ariketa batetik sortu da abestia.
Jazz ukituak ditu, konpas aldaketak eta musika tresnen arteko erritmo jokoak. Pianoa, baxua, bateria eta Cullaren ahotsa nahasten dira kantu berrian. Josu Ervitiren Iruñeko estudioan grabatu, nahastu eta masterizatu dute abestia.
Irailean argitaratuko du Cullak disko berria, eta kantu honen izenburu bera izango du, hamaika abestiz osatua. Donostiarrak crowdfunding kanpaina jarri du martxan diskoa finantzatzeko.
Nuria Cullak 2013an ekin zion bere bakarkako ibilbideari. Gitarra klasikoko Gradua ikasi zuen Donostiako kontserbatorioan, eta jazz kantuko Goi-mailako Gradua Musikenen. 2018an argitaratu zuen bere lehen EPa, Lluvia de marzo en Venecia. 2021. urtean talde formatuan estreinatu zuen bere abesti berria, I used to izenekoa, eta geroago Casi nada argitaratu zuen formatu berean. Gaur egun, kontzertuak egiten jarraitzen du, taldean zein bakarka, eta orain dela gutxi Afraid singlea argitaratu du.
