NUDISMO BASATIA

NUDISMO BASATIA https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2018/08/16

Testua: Ibai Fresnedo

Nudismoak, gorputzaren gaineko aurreiritzi zein lotsa guztiak alde batera utzi eta naturaltasun osoz, larrugorritan norberaren askatasunaz gozatzea proposatzen du. Alegia, biluztasunaren ikuspegi positiboa eskaintzen digu. Hala ere, gai gatazkatsua izaten jarraitzen du eta legezkoa den arren, badago oraindik ere begi onez ikusten ez duenik.

Berri on bat ematera nator: ez zaitezte kezkatu, udaberriak ez du udazkenerako jauzi hirukoitz mortala egin, uda gainean dugu eta! Edo hala izatea espero dut, nik, zuek bezala, prest baitauzkat erreka edo hondartzarako eskuoihala eta 50 babeseko eguzkitako krema.
Eta udarekin batera, hemen dauzkagu ere udako jaiak, berandu esnatzeak, lagunarteko planak zein oporraldietako amoranteak ere. Zerrendak ez du amaierarik, baina zerrendan halabeharrez egon beharreko plana, honakoa da: goizean goiz motxila egin eta egun pasa errekan egitea, heldu bezain laster arropak gainetik kendu, gorputz osoa biluztu eta erlaxatzea.
Asko eta asko gara udan zehar nudismoa praktikatzen dugunok Euskal Herriko txoko desberdinetan. Askotan, bereziki horretara bideratzen diren espazioetan, edo bestela, naturan zehar dauden beste espazioetan ere. Baina ez da kontu erraza; berriz ere, eguneroko gaiek sexualitatearen gaiarekin topo egiten dutenean gatazka sortzen delako.


Udan barrena sartu eta ohikoa izaten da nudismoaren gaia azaleratzea. Badirudi jada normalizatuz doala hondartzan gorputz biluziak ikustea, baina harago joanda, berdin erreakzionatuko genuke kaletik pertsona bat biluz-biluzik ikusiz gero? Nudismoa, berez, legezkoa da estatu espainiarrean; hala ere, arazoak aurki ditzakegu kalean mundura etorri ginen bezala ibili nahi izanez gero. Hortaz, honek erakusten digu oraindik ere biluztasuna eta esparru publikoa uztartzea zaila dela.


Naturismoa vs. exhibizionismoa
Askok jarrera sexualarekin erlazionatzen dute arroparik gabe joateko nahia, hau da, exhibizionismo hutsa dela deritzote. Nudismoaren defendatzaileok, ordea, ez dugu horrela ikusten. Biluztasunaren ikuspegi positiboa baino ez delako nudismoa, hazkunde soziala eta pertsonala bultzatzen duena. Horregatik da hain garrantzitsua nudismoa sustatzea, nudistenganako errespetua bultzatzea eta jendeari legezkoa dela azaltzea. Gainera, ikerketa batzuen arabera, naturismoak eragin psikologiko onuragarria du haurrengan; giro nudistetan hezitako haurrak “konformeago” egoten baitira euren buruarekin. Eta honekin bat nator erabat. Ni txikitan hondartzan larru-bizi ibiltzen diren haur horietako bat nintzelako; eta tira, sekulako autoestimu altua ez badut ere, nudismo goiztiarrak nire gorputzaren onarpenean aise lagundu didala esango nuke.

Lotsa kontua
Nudismoak ez du pertsona profil zehatz bat hartzen; ez baitago ideologia politiko bati lotuta, gorputza ulertzeko eta bizitzeko modu batekin baizik. 20 urtetik gorako adin zein profil politiko eta sozial askotariko jendea aurki daiteke edozein eremu naturistan: gazte zein adinekoa, elizara egunero joaten den kristaua, ateoa, eskuindarra, ezkertiarra, youtuberra, posmodernoa... Hala ere, gaur egun, gazte gutxi dagoela esan beharra dago, oraindik lotsa eta besteek zer esango dutenaren beldurra oso errotuta dugulako.
Eta justuki, hauek dira nudismoa ez praktikatzearen arrazoi pisutsuenetarikoak: lotsa eta beldurra. Horregatik, nudismoak hausnarketa pertsonala egitea eta gure gorputzen esentziara bidaiatzea eskatzen digu. Hala ere, kontuz honekin! Kontua ez da diskurtso aurrerakoien izenean geure burua zigortzea eta gure segurtasun ezak gutxiestea edota estaltzea, kontrakoa baizik!
Lotsa eta beldur hauen harira, eta beste elementu polemiko bat aipatze aldera, gorputzen esposizio publikoak dakartzan eraso eta tentsio sexualak etorri zaizkit burura. Hau da, imajinatu zure lagunekin hondartza edo erreka txoko batera zoazela nudismoa praktikatzera eta inguruan dauden begi kuxkuxero batzuk zuen gorputzei (eta genitalei) so egiten sumatzen dituzuela. Eroso sentituko zinatekete?


Behin niri horrelako egoera bat bizitzea tokatu zitzaidan. Bizkaiko kostaldeko kalatxo helezin horietako batera joan, biluztu eta eguzkitako krema ematen nengoela, gizon bat niri begira zeharka antzeman nuen. Hondartzako amildegian gora zegoen, esku batean prismatikoak eta bestean zakil tentea zeukala. Orduantxe konturatu nintzen nire gorputza objektu sexual izanda, subjektu hori bere burua masturbatzen hasia zegoela.
Nik, hasieran, beldurra sentitu banuen ere, aitortu behar dizuet morboak konkistatu egin ninduela. Baina tira, hori beste baterako utziko dut!
Gauza da, horrelako egoeretan, nudismoa praktikatzerakoan, eremu pribatua eta publikoaren arteko marra lauso hori asaldatu egiten gaituela. Beti bezala, ez dakigulako oso ongi non bukatzen diren besteen eskubideak eta non hasten diren gureak. Hau da, gure gorputzak esparru publikoan larrubizirik azaltzen dugun momentu hartan, edonork gugan eragin dezakeen deserosotasuna jasan beharra dugu? Esparru publikoan biluztea eta besteek gure gorputza lizunki begiratzeko zilegitasuna eskutik helduta doaz?
Non daude mugak?
Tira, niri ez dagokit erantzunik ematea; nire lana argi-ilunak eta galderak helaraztea baita. Baina bai oso argi dudala nudismoak eskaintzen duen askatasuna oso onuragarria izan daitekeela naturarekin, eta batez ere, gorputzarekin (bir)konektatzeko.
Hori bai lagunak, ez ahaztu; arropa soinean izan ala ez, nudista izanda ala ez izanda, larruazal azpian ezkutatzen den hori gizakion atalik estimagarriena (eta basatiena) dela.