N.Rivera: "Literaturak eta arte grafikoak batera beharko lukete beti, liburuaz bi bider gozatzeko"

N.Rivera: "Literaturak eta arte grafikoak batera beharko lukete beti, liburuaz bi bider gozatzeko" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/nrivera-literaturak-eta-arte-grafikoak-batera-beharko-lukete-beti-liburuaz-bi-bider-gozatzekoquot/@@download/image/noemi_rivera_1415271272.jpg
2014/11/07
elkarrizketa
Saioa Baleztena @SaioB
N.Rivera: "Literaturak eta arte grafikoak batera beharko lukete beti, liburuaz bi bider gozatzeko"
Betidanik izan omen du Noemi Riverak (Lazkao, 1987) sorkuntzarako joera. Ttikitatik marraztea maite zuen eta koxkortu zenean idazten hasi zen. Giza Zientziak: Komunikazioa ikasketak egin zituen Donostian, eta azken ikasturtearen erdia Kalifornian eman zuen. Bertako bizipenetan inspiratuta, besteak beste, "Un Otoño en California" lehen eleberria kaleratu berri du orain.



Noiz eta nola bururatu zitzaizun ‘Un Otoño en California’ liburua kaleratzea?

Kalifornian egin nuen unibertsitate ikasketen azken zatia eta bueltan, hamaika istorioz beteta ekarri nuen maleta. Nolabait, nire esperientzia kontatzeko beharra sentitzen nuen; beraz, bueltatu eta hilabete gutxira, ordenagailu aurrean eseri nintzen idaztera, helburu finkorik gabe, soilik, barruan nuen guztia askatzeko asmoz.

Giza Zientziak: Komunikazioa ikasten ari zinela seihileko bat pasa zenuen Kalifornian eta irailean publikatu zenuen bizipenetatik jaio da, ezta? Autobiografikoa dela erran daiteke?
Hein handi batean autobiografikoa da, bai. Protagonistak herrialde hura nola bizi duen, zer gauzak harritzen duten, nola ikusten dituen gauzak, sentsazioak eta abarrak, gehienak, behintzat, errealak dira, eta baita liburuan kontatzen diren anekdota asko ere. Beste asko, jakina, asmatu egin behar izan ditut istorioari eta protagonistari zentzua emateko. Horretaz aparte, liburuan aipatzen ditudan pertsonaia gehienak ere pertsona errealen alter egoak dira, nahiz eta kasu gehienetan haien ezaugarriak puztu ditudan.

Liburua irakurtzen ari garela, non amaitzen da Noemí eta non hasten da Irene?
Ireneren begiek ikusten dutena eta deskribatzen dutena, Noemíren begiek ikusitakoa da. Baina Irenek pentsatu, egin eta esaten dituen gauza ero eta gogorrenak ez dira nireak, ni lotsatiagoa naiz eta, gainera, lotsa ematen dit niri buruz idaztea, horregatik sortu dut Irene, harekin nahi dudana egin ahal izateko.

Irenek ba omen du egoera korapilotsuetan sartzeko joera. Ulertu behar dugu zu ere halakoa zarela?
Ez, egia esan ez gehiegi. Ireneren korapiloak istorioari saltsa emateko sortu ditut, dramaz eta humorez girotzeko. Zorionez, nik ez ditut Irenek adina korapilo izan.

Oraindik zure liburua eskutan edukitzeko plazera eduki ez duenak, zer aurkituko du bertan?
Atzerrian ikasi dutenek protagonistarekin eta bere istorioarekin identifikatuta sentituko dira momentu askotan. Anekdota dibertigarri ugari topatuko ditu irakurleak, umorea, drama apur bat, benetako gertakizunak, fikzioa, maitasuna, maitasun eza, errealitatea, fantasia...

Eta horietatik guztietatik zerk bereizgarritzen du zure istorioa gehien?
Azkenekoak, agian. Kontakizunean zehar hainbat elementu fantastiko txertatu baititut, guztiz errealak balira bezala: hitz egiten duten komunak, deabrua, banpiroak, heriotza, sorginak, estralurtarrak, gertakari misteriotsuak… Errealitatea eta fantasia uztartu egin ditut gauzak beste modu batera kontatzeko.

Gazteleraz idatzi duzu, baina euskarazko alerik argitaratzea aurreikusten duzu?
Euskaraz argitaratzea gustatuko litzaidake, noski. Zenbait momentutan damutzen naiz eleberria euskaraz idatzi ez izanaz, baina tira. Beti da posible itzultzea, eta asko poztuko ninduke euskal argitaletxeren batek liburua euskaraz kaleratzeko asmoa izango balu.

Testuaz aparte ilustrazioren bat edo bertze ere egin duzu. Marrazkiak sortu dituzu testuaren ondotik edo zein izan da zehazki prozedura?
Niretzat testuak ilustrazioz laguntzea behar moduko bat da. Marraztea gustatzen zait txiki-txikitatik eta ez nuen Un otoño en California marrazkirik gabe ikusten. Azken batean, beste bizitasun bat ematen diote kontakizunari, aberastu egiten dute eta imajinatzea kostatzen zaizkigun gauzak argitzen laguntzen dute. Nire ustez, literaturak eta arte grafikoak batera joan beharko lukete beti, liburuez bi bider gozatzeko.

Zenbateraino da zaila, gaur egun, liburu bat idatzi, editatu eta publikatzea?
Idaztea ez da zaila, nire ustez. Denbora, gogoa eta istorio on bat izanez gero, errez asko idatzi daiteke zerbait. Publikatzea, nire kasuan, nahiko erraza izan da, argitaletxe txiki baten atea jo nuen eta baiezkoa eman zidaten, lehengo saiakeran. Suerte handia izan dut alde horretatik. Benetako erronka orain dator, liburuak saldu egin behar dira. Ez du ezertarako balio liburu bat idatzi eta argitaratzea gero inork ere erosi eta irakurriko ez badu, eta hori benetan etsigarria da idazle batentzat. Imajinatu ezazu liburu denda bat, zenbat liburu daude apaletan? Mordoa. Eta horien artean zurea, idazle ezezagun baten lehen lana. Hor dago benetako erronka.

Zein dira bidean topatu dituzun zailtasunak?
Istorioari amaiera bat ematea kostatu zitzaidan. Batetik ez nekielako nola amaitu eta bestetik, amaitzeko beldur nintzelako. Amaitzean, eleberria argitaletxeetara bidali beharko nuen, eta horrek beldurtu egiten ninduen. Baina tira, ez da hainbesterako izan. Izenburua topatzea ere ez da hain erraza izan, buelta dezente eman behar izan nizkion buruari.

Aurrerantzean zein dira zure erronka nagusiak?
Idazten jarraitzea gustatuko litzaidake, nire buruan beti ari dira sortzen istorio berriak. Baina kontziente naiz oso-oso zaila dela horretatik soilik bizitzea, beste lan batzuekin osatu behar duzu zaletasun hori. Eguneroko 8 ordutako lana gehi idaztea. Hori denbora asko da; oso gustuko baduzu eta oso motibatuta bazaude soilik egin dezakezu. Baina tira, positiboki pentsatzen saiatzen naiz beti.

Idazle edo kazetari bezala definituko zinateke?
Ufa, zaila da horri erantzutea. Idazle bezala irailetik besterik ez daramat. Momentuz esango nuke kazetaritzat dudala neure burua. Etorkizunean, batek daki.

Bertze libururik idaztea aurreikusten duzu? Honek izango ote du jarraipenik?
Momentuz ez naiz jarraipen batean pentsatzen ari, izan lezake, baina momentuz inspirazioak ez nau bisitatu. Beste istorio bat dabilkit buruan, zeharo desberdina. Baina oraindik ez naiz hasi idazten. Zertxobait itxaron nahi dut eta ikusi nola doan gauza lehen eleberri honekin; hemendik hilabete batzuetara harrera ona izan duela ikusten badut, bigarren bat idaztera animatuko naiz segituan.