Nortasunaren eta sexu-identitatearen inguruko 'Nor' eleberri ilustratua finantzatzeko kanpaina jarri dute martxan

Nortasunaren eta sexu-identitatearen inguruko 'Nor' eleberri ilustratua finantzatzeko kanpaina jarri dute martxan Hausnarketa eta elkarrizketa sortu nahi dute egileek lan honen bidez, eta "begiradak zalantzan jarri". https://www.gaztezulo.eus/albisteak/nortasunaren-eta-sexu-identitatearen-inguruko-nor-eleberri-ilustratua-finantzatzeko-kanpaina-jarri-dute-martxan/@@download/image/nor-1.jpg
2022/10/18

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Hausnarketa eta elkarrizketa sortu nahi dute egileek lan honen bidez, eta "begiradak zalantzan jarri".
Nortasunaren eta sexu-identitatearen inguruko 'Nor' eleberri ilustratua finantzatzeko kanpaina jarri dute martxan

Proiektuaren bultzatzaileek azaldu dutenez, NOR eleberri ilustratu laburrak identitatea izango du ardatz, bereziki sexu-identitatea eta transexualitatea. Hausnarketarako eta elkarrizketarako bide ematea nahiko lukete eta edozein adinetakoei zuzenduta badago ere, bigarren hezkuntzako nerabeak izango dituzte gogoan liburua sortzeko garaian. Euren hitzetan, "eleberriak hainbat ideia eta irudi iradokitzaile eskainiko ditu testu eta ilustrazioen bidez, nerabeen arteko harreman, bizipen eta gogoetek lagunduta. Eraldatzailea izan nahi du; gogoeta bide berriak eskaini nahi dizkio irakurleari, leihoak zabaldu, airea garbitu. Betaurreko berriak eskaini baino, begiradak jarri nahi ditugu zalantzan".

1545 argitaletxeak argitaratuko duen eleberria Irati Goikoetxeak idatziko du eta Irrimarrak ilustratuko du. Epilogoa, berriz, Aingeru Mayor sexologo eta Naizen elkarteko kideak egingo du. 

Jasotzen dituzten ekarpenekin kostuei egin nahi diete aurre: idazlearen, ilustratzailearen eta epilogoaren arduradunaren lana; diseinu eta maketazio-lana, zuzenketak, edizioa, liburuaren erregistroa, inprentako gastuak... Horretaz gain, ekarpenen truk emango diren oparien bidalketa gastuetarako ere erabiliko dute. 

Oraingoz 5.700 euro inguru bildu dituzte, kanpaina amaitzeko 21 egunen faltan, eta gutxienez 7.000 euro lortu nahiko lituzkete. Proiektuak administrazio publikoaren laguntza ere izango du, matchfunding bidez; hau da, herritarrek bildutako euro bakoitzeko beste bat emango du Gipuzkoako Foru Aldundiak.