"Normaltasun berria"; eta hobetu duguna ahazten ez badugu?

Itxialdia gogorra izan da, baina positiboa ere hainbat zentzutan; beharbada nabarmenena, orain arte aurpegi ezagun soilak ziren bizilagunak hobeto ezagutzeko tartea hartu dugula izan da. Arratsaldero txalo egitera ateratzean, edadetuei laguntza eskaintzerakoan, egun luzeegi horietako batean leihotik leihora berriketan ibili garenean... ondoan bizi direnekin harremanak garatzea lortu dugu azkenik.
Bizilagunekin harreman sarea sortzea ez da gauza berria; hain zuzen, duela gutxi arte bizilagunak ezinbestekoak ziren egunerokotasunari aurre egiteko, eta ez soilik gatza eskatzeko amaitzen zenean. Auzoetako haurrek elkarrekin jolasten genuen bizilagunek zaintza partekatzen zuten bitartean (egun kontzeptu hori oso berritzailea iruditzen bazaigu ere). Postaria etortzen zenean bizilagunek hartzen zituzten eskutitzak etxean ez bageunden eta oporretara joatean bizilagunari etxeko giltza beldur izpirik gabe ematen genion landareak ureztatu zitzan.
Hala, koarentenak etxean denbora igarotzea eta ondokoekin hitz egiten hastera behartu gaitu, eta sorpresaz ohartu gara ez dela ezer txarrik gertatzen bizilagunak apur bat gehiago ezagutzen ditugunean eta haiekin harreman minimo batzuk lantzean.
ELKARTASUN OLATUARI EUTSIZ
Bizilagun sarea indartzearekin batera, bat-batean gertukoaren garrantziaz ohartu gara pandemia honetan, eta denda txikiak babesteko eta bertakoa kontsumitzeko beharra sentitu dugu. Arroparen batean zuloa topatzerakoan hura jostera animatu gara, amaren errezetak kozinatzera ausartu gara, etxetik atera ezin duen bizilagunari erosketak egin dizkiogu, ogi saltzailearekin "kaixo" lehor bat baino gehiago partekatu dugu... eta ondo sentitu gara.
GARRAIOAREN IRAULTZA
Azkenik, beste erritmo batera mugitzen ikasi dugu; oinez mugitzea plazera bihurtu da, eta baita bizikletan ere. Etxetik atera eta bideaz gozatzen ikasi dugu, helmugara azkar eta presaz iritsi ordez. Azken finean, kalean libreki ibiltzea iraultzailea izan daitekeela sentitu dugu. Azkarregi ahaztuko ote dugu?