Nork hil du Andoni Egaña?

Nork hil du Andoni Egaña? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/nork-hil-du-andoni-egana/@@download/image/img_1989_1448443344.jpg
2015/11/25
berria
Testua: Leire Palacios @AnnieSdelMono Argazkiak: Beñat Zamalloa @bzamalloaakizu
Bertsolari aldizkariak 25 urte bete ditu, eta hainbat berrikuntza eta proiektu berrirekin datoz. Alde batetik, aldizkariak eta webguneak diseinu berria estreinatuko dute. Bestetik, hiru hilabetero eskaini diguten amu marrazkiduna liburu bihurtu eta 'Nork' izeneko eleberri ilustratua kaleratu dute. Patxi Gallegoren  eta Xabi Payaren arteko sormen elkarlanaren fruitua da.


Trilogia egitearen aukerarekin adarra jotzen du Patxi Gallegok, dioenez, estreinakoak Nork izena baldin badu, paradigma osatu ahal izateko, oraindik Nori eta Nor egiteke daudelako. Denborak esango du. Haatik, horrela balitz, bi sortzaileek argi daukate luze joko lukeen lana litzatekela. Izan ere, Nork eleberri grafikoaren sortze prozesuan bi urte eta erdiz murgilduta izan dira. Eta denborak esango du baita ere obra oholtzaratuko ote duten, ez baitute baztertzen sorkuntza prozesuaren inguruko emanaldia prestatzea.

Xabi Payak idatzi du eleberriaren gidoia eta Patxi Gallegok sortu ditu irudiak. Marrazkilariak dioenez, egile sentitu da, tankera honetako lanetan erabat ohikoa ez dena. Oholtzara igotzekotan, Payak bien arteko komunikazioa ahalbidetu duten 33 testu dokumentu prest ditu eta Gallegok bertsolariak jarri dizkion erronken gainean luze hitz egin dezake, orain arte jorratu gabe zituen hainbat tekniken aurrean jarri baitu bertsolariak haren eskaera kreatiboekin.

Nobela beltza da Nork, zehazki, komedia ironikotik abiatzen den nobela beltza. Nork hil du Andoni Egaña? Horixe da sortzaileek irudikatu dituzten lau detektibe arketipikoak argitu beharko duten misterioa. Gidoigintzan trebatutako Payak suspentsearen maisuaren irakaspenetatik edan du, eta hilketa bera McGuffin bat dela argitu du prentsaurrekoan. Baina trikimaluak, irudi guztietan agertzen diren elementuak bezala, badu bere funtsa. Hain zuzen, urteekin hautemandako kezka bat arintzen laguntzea. Bertsolariak dioenez, bertsolaritza udalekuetan eman dituen urteetan Euskal Herriko gazteak iruditeri partekatuan topo egin ahal izateko nazioarteko pertsonaietara jotzeko duten erraztasunak kezkatzen du. Horregatik, zer hobeto euskal kulturan igeri bizi diren pertsonak pertsonaia bihurtzea baino? Dena den, eta inork kexarik izan ez badu ere, argi utzi nahi dute sortzaileek eta aho batez esan dute: "Inor ez iraintzen saiatu gara, eta norbait irainduta sentitzen bada, aldez aurretik barkamena eskatzen dugu".

Proposamenak euskal kulturaren inguruko gogoetak biltzeko parada eman die Payari eta Gallegori. "Intxaurrak hautsi behar zaizkie umeei", Koldo Izagirreren hitzak gogoan izan ditu Payak gidoia idazterakoan, eta irakurle aktiboaren aldeko apustua egin du. Horregatik, helburu pedagogikoa duen lana sortu du bikoteak eta irakurlearen parte hartzea eskatzen duena; irakurleak test bat aurkituko du Nork eleberri ilustratuaren orrialdeetan, baita bertan ageri diren bertsoen doinuak azkengo orrialdeetan ere, nahi izanez gero, kanta ditzan.

Esperientzia pertsonalari dagokionez, liburuaren aurkezpen prentsaurrekoan azaldu legez, hitz baikorrak besterik ez dituzte. Gallegok, umorearen seriotasuna baliatuz, 40 urte bete berri zituela bere amets eta nahirik handiena marrazten jarraitzea zela aitortu du, hortaz, desiatzen denarekin kontuz ibiltzeko diosku entzuleoi. Payak igande goizetan gustura burutzeko erronka pertsonal handia izan dela azaldu du, eta gehitu, bertsoei zentzua ematen laguntzen duen testuinguru efimerotik at, denboran iraungo duen sorkuntza burutzearen zirrara asetzeko baliagarri izan zaiola.

Prest da Nork ibilbideari ekiteko. Durangoko Azokan larunbat eta igandez izango dira protagonistak 12 euroren truke eros daitezkeen aleak sinatu eta euskal iruditeri partekatuaren eraikuntzaren misterioa argitu nahi dutenen hitzen kiribilean galtzeko gogotsu.