Nora Izagirre: “"Eder sentitzeak batzuetan konpentsa lezake ezeroso ibiltzea”"

Nora Izagirre: “"Eder sentitzeak batzuetan konpentsa lezake ezeroso ibiltzea”" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/nora-izagirre-quoteder-sentitzeak-batzuetan--konpentsa-lezake-ezeroso-ibiltzeaquot/@@download/image/2009624185nora__1362661604.jpg
2009/07/03
erreportajea
Testua eta argazkiak: Lander Garro.
Nora Izagirre: “"Eder sentitzeak batzuetan  konpentsa lezake ezeroso ibiltzea”"
Izen handien diktadurapetik ihesi dabil moda mundua, gure inguruan behintzat bai. Edonola ere, nabarmena da ohiko Rabanne, Gaultier eta abarrez gain, badirela beste izen gero eta entzutetsuagoak: Miriam Ocariz, Marta Teran, Leire Santillan, Traka Barraka, Jositajosi… eta, jakina, Nora Izagirre. Azken honekin elkartu da GAZTEZULO.


Moda adituek nabarmentzen dutenez, usurbildarra talentu handiko neska da. Jantzi gustagarriak egiten ditu, dotoreak, baina janzteko modukoak. Edertasun sotilekoak eta diskretoak dira, baina koloretsuak eta freskoak aldi berean. Hondartzara nahiz festa batera joateko balio dezaketela, alegia. Koloreak aukeratzeko orduan nortasuna antzematen zaio, koloreak bere egingo balitu bezala, eta asimetriak eta mozketa ausartak lantzen ditu. Gainerakoan, kotoia erabiltzen du gehien, oihal erosoa eta malgua, egun osoan nekatu gabe erabili litekeena.

[Hizketan hasi orduko konturatu gara ez dela elekeriatan galtzen denetakoa, baina ez da bere lanaz gogoeta egiten ez dutenetakoa ere. Badaki zer egiten duen, zergatik, eta baita zer nahi duen ere. Donostiako Bretxan topatu dugu Maitane ahizparekin eta Jeronimo aitarekin, han daukaten dendatxoan. Ahizpa lankide du, eta aita laguntzaile borondatetsu. Enpresa txikia eta maitagarria osatu arren, ez dute modaren zera elegante hori galtzen. Hizketan ere halakoa da Nora, gertukoa baina ez arrunta. Elkarrizketa hasi aurretik bidean den haurtxoaz galdetu diogu.]

Aste gutxi barru erdituko zara; nola zaude?

Ongi, baina oraindik egiteke dudan lan guztiaz pentsatzen jartzean… Ai, ama! Gainera, nire ahizpa Maitanek ere haurra izan berri du, eta horrek barrua mugitu dit…

Haurdunaldia ongi eraman al duzu?

Denetatik izan dut: hasiera gogorra izan zen, zorabioak… Anuk, nire beste alaba, aldamenean izateak ere izan du eragina jada ez baita lehenengoarekin bezala. Askotan ahaztu ere egin izan zait haurdun nagoela!

Zure lanak estresaren ikuspegitik ospe txarra du: azkar bizi omen zarete, lanez topera, beti batetik bestera. Zeu ere hala al zabiltza?

Zorionez ez. Hiri handi batean biziko banintz (Bartzelonan eta Parisen bizitakoa naiz) horrela ibiliko nintzateke, moda desfileak direla, festak, hiriaren estresa… Horregatik aukeratu nuen herri txiki batean bizitzea, bizi kalitateagatik eta lasaitasunagatik. Hala ere, irtenaldi txikiak egiten ditugu eta, tarteka, bidaia luzexeagoak: Parisera, Bartzelonara… eta duela gutxi Berlinen ere izan ginen. Hau da niretzat konbinazio perfektua!

Diseinuaren mundua, ordea, ez al da oso hirikoa?

Hiriek baliabide gehiago dituzte, kontaktuak eta abar. Usurbilen, aldiz, aparte xamar gaudela iruditzen zaigu askotan, baina lasaitasunak hori eta gehiago merezi du.

Diseinatzailea, gaztea, talentuduna, ekintzailea… arrakasta lortzeko osagai guztiak dituzula dirudi.

Tamalez, askotan ez da nahikoa. Zirrikitu bat dagoen artean norberaren lanean sinestea eta bideari tinko eustea da garrantzitsuena.

Behar bada, ustezko arrakasta horren atzean lana besterik ez dago…

Lana garrantzitsua da, baina, batez ere, bidea aurkitzea eta horri eustea da garrantzitsua. Ibilbidearen hasiera bideratzen jakitea zaila da, aukera ugari baitago. Modatik bizi nahi baduzu, helburuak argi izan behar dituzu, eta pixkanaka aurrera egin.

Estiloa propioa daukazu. Jantzien unibertso mugagabean hori lortzea ezinezkoa dirudi…

Ezinbestekoa zait nire ezaugarriak agertzea. Arte Ederretan landutakoak ere izango du zeresanik, landu ditudan medio guztietan erakutsi nahi izan ditut nire estiloa eta erreferentziak, koloreak…

Koloreak eta oihalak, leunak eta eramangarriak, dira zure ezaugarrietako bi…

Koloreak ondo aukeratzea eta egoki nahastea atsegin dut. Ezingo nuke kolore bakarreko kolekzio bat egin. Oihalek ere garrantzia dute, eta baita ereduek ere. Jantzia gorputzari nola egokitzen zaion, nola nabarmentzen dituen gorputzeko zati batzuk beste batzuk estaliz…

Eder joatea eroso egotearen gainetik jartzen dugu sarri. Horrek ba al du logikarik?

Logikarekin edo gabe, batzuetan eder joan nahi genuke, akaso, erosotasunari erreparatu gabe. Batzuetan merezi du ezeroso joateak, bai, eta eder sentitzeak sobera konpentsa lezake ezeroso ibiltzea.

Ongi jantzita esan dugu, baina, zer da ongi janztea?

Bada, norberaren estiloa galdu gabe armonia izatea. Pertsonaren osotasunari erreparatu behar zaio beti. Alperrik da soineko zoragarria janztea, gainerakoan, modu traketsean bagabiltza.

Denok al dugu gustua?

Bai, ona edo txarra den jakin behar! Baina, dudarik gabe, denok dugu joeraren bat.

[Donostiako Bretxan diseinugile askok dute euren txokoa. Erakusleiho landuak dituzte, eta jantzi ederrak ikusten dira nonahi. Marka ezagun tradizionalek, beraz, badute lehiakiderik. Bazen garaia. Norak Bretxan barrena lagundu gaitu eta diseinugileei buruzko argibideak eman dizkigu, elkar ondo ezagutzen baitute. Eskailera mekanikoetan gora goazela, aitortu digu modaren mundua zaila dela, baina pozik dagoela hartutako erabakiaz eta egindako apustuaz. Ongi doakio, eta ez da gutxi. Hango eta hemengo ibiltokiak ezagutu ditu, hiri handietan bizitakoa baita. Baina ez da haien lilurak itsututa bizi. "Parisen asko ikasi nuen, baina hemen ongi bizi naiz", esan digu].

Itzul gaitezen zeure ibilbidera: Parisen ikasi zenuen, baina modaz asko al daki Parisek?

Badaki, bai. Hasieran deigarria zitzaidan jende guztia beltzez jantzita ikustea, han halaxe joaten baitira. Garai hartan kolore biziz janzten nintzen eta, harrigarria bada ere, jendea begira geratzen zitzaidan. Diskrezio horren barruan, ordea, xehetasun txikiak zaintzen dituzte, nabarmenak ez direnak. Hori bai, denetik dago eta kalean pertsona bereziak topa ditzakezu: ukitu horteroko emakume txik-ak… Horrelakoak pila bat gustatzen zaizkit.

Halako xarma izan al zuen han ikasteak?

Bai, eta gauza bat esango dizut: Parisera Erasmus bekarekin joan nintzenean erabaki nuen moda ikasketak egitea, hau da, nire ametsa gauzatzea. Hantxe piztu zitzaidan irrika.

Mundu osoko ikasleak zeuden han, bakoitza bere estiloarekin eta ukituarekin…

Hainbat herrialdetako ikasleak topatu nituen. Lan egiten hasi nintzenean, ordea, batez ere, frantsesekin aritu nintzen. Orokorrean, ezin esan dezaket azken hauek oso atseginak direnik… Bestalde, lanean Martin Margiela belgiarra izan nuen zuzendari artistiko, moda kontzeptualaren aitzindarietako bat. Lolita Lempicka etxeko Jessica ere ezagutu nuen, bere ukitu ingeles berezi horrekin.  

Ibiltokietan ere aritu zinen lanean; gustuko al duzu mundu hori?

Sasoi hartan moda etxe handietan lan egiteko aukera izan nuen, bai Hermesen eta baita Lolita Lempickan ere. Puntako etxeetan lan egitea eta miresten ditudan pertsonekin aritzea ederra izan zen. Esperientzia horiek barruan gordetako altxorra dira. Ibiltokien munduari dagokionez, berriz, gustuko dut, desfileak hilabetetako lanaren aurkezpen borobila baitira. Diseinugile bakoitzak ahalik eta urrunen eramaten ditu bere gogoetak, jantzi berezienen bidez. Modeloen hautaketa, makillajea, orrazkera, eszenatokiaren girotzea, musika… xehetasun txikienak ere diseinugileak sortu duen mundu horren esanetara egon behar du. Une magikoak  izan ditut, bai nire bildumen aurkezpenetan (Bartzelonan, Oporton, Luzernan, Londresen…), eta baita beste hainbat diseinugileren desfileetan (Cibelesen, Gaudin edota Parisen).

Izango da ibiltokietan gustatzen ez zaizunik…

Bada, adibidez, erakusleiho hutsa izatea edota desfile horren atzean produkzio bat egiteko aukerarik ez izatea. Horregatik gabiltza bildumen salmentan, eta merkatua zabaltzeko ahaleginetan murgilduta. Lehen aipatutako guztiak atzean utzita, pausoak isilean emanez, baina tinko!

Jantziak sortu eta saldu; esatea erraza da, baina, nola egiten da hori?

Sortzea erraza zait niri, edo, behintzat, atsegina. Salmentari dagokionez, berriz, ez da hain erraza, baina, zorionez, alderdi komertziala Maitane ahizparen eskuetan dago, eta horretan ederki moldatzen da.

Ospea izatea mundu honetan ezinbestekoa al da?

Gure kasuan, bidea jantziei eta Maitaneren lanari esker ireki dugu, ez ospeari esker. Ospea honen guztiaren ondotik etortzea espero dut!

Hitz egin dezagun jendearen janzteko moduaz; ongi janzten al gara oro har?

Orokorrean nahiko ondo janzten gara, gehiegi arriskatu gabe, egia esan. Niri pixka bat arriskatzea gustatzen zait, eta askotan nahiago dut hanka sartu, zuzentasunean eta monotonian  ibili baino.

Marka handietara asko jotzen dugu…

Bai, eta ez zait gaizki iruditzen. Neronek Zaran ere gustuko gauzak aurkitzen ditut tarteka. Denetarik egon behar du, denda garestiak eta merkeak.

Mutilek elastiko estanpatuak eta galtza ahituak janzteko joera dute…

Estilo jakin bat da beste hamar milaren artean. Azken finean, joera hutsak izan arren, gustuko dut batetik eta bestetik zer edo zer hartzea.

Neskek, berriz, takoi altuak eta gona motzak. Gustuko al dituzu?

Takoiak oso gustuko ditut, baita gona motzak ere. Eramateko modua da askotan gustatzen ez zaidana, arruntegia akaso…

Asko entzuten da neskatilak emakumeak bailitzan janzten direla, nahikoa modu probokatzailean…

Adin horretan nortasuna adierazi nahi izaten dute, helduak direla adierazi eta kontuan har ditzatela. Pena da, seguru sentitzearren, denak berdin jantzita joatea.

Neskak janzteak plazerra ematen al dizu?

Sekulakoa, asko gozatzen dut. Duela hilabete batzuk ezkontza izan genuen koadrilan, eta neroni ibili nintzen neskak janzten. Oso polita izan zen ezkontzaren egunean egindakoaren emaitza ikustea.

Zure ibilbidearen zein unetan zaude?

Momentu honetan bidea finkatuta dagoela esan liteke. Pausorik zailena emana dugu, beraz. Geure helburua, honenbestez, lortutakoa gordetzea da, eta poliki-poliki bide berriak irekitzea eta merkatua zabaltzea.

Zein unetan esango zenuke: lortu dut!

Nik uste gauzak lortu ditudala, sekula imajinatuko ez nituzkeenak. Hain gustuko dudan lanaz bizitzea, adibidez. Baina urrunago iritsi behar dugu, eta beharrezkoa da ilusioa eta gogoa izatea gauzak ondo egiten jarraitzeko.

Azken galdera: haurrentzako jantziak diseinatzen hasteko asmorik ba al duzu?

Asko gustatuko litzaidake eta tentatua ere banago, baina, aurrez, beste helburu batzuk ditut buruan. Hortaz, gerorako utzi behar… Ea nire haurrak handitu aurretik zer edo zer egiten dugun, kar, kar!

[Moda munduan, diseinugileak bezain ezagunak izaten dira modeloak. Jantzi dotoreak jantzi eta graziaz eramatea, hauxe da euren betebeharra (besteak beste). Norari elkarrizketa egitean, ordea, bera ere modelo bilakatu dugu, berak diseinatutako jantziak janzteko gonbitea egin baitiogu. Pozik onartu du: "Argazkietan agertu behar badut, hobe neure jantziekin agertzea!", esan digu. Donostiako Kursaal inguruan aritu gara irudiak biltzen. Eguraldi ederrarekin batera, jende uholdea atera da kalera. Batzuk surf taularekin dabiltza, bizikletan besteak, eta erakusleihoei begira asko. Eguraldia zoragarria da, eguneroko arazoez ahaztu eta eguzkiaren igurtziez gozatzeko aproposa. Geure diseinugilea ikusgarri dago eta, argazkiak egiten ari garela ikusita, oinezko asko begira geratu zaizkigu: ezaguna ote da kamera aurrean dagoen hura? Nora ausart dabil, ordea, bere zereginean sartuta. Mundu hori ondo ezagutzen du, eta badaki kikilduta eta lotsaz aritzea alferrik dela. Nola lotsatu edertasunaz?].

Nora Izagirreren kuttunak



Diseinugilea: Balentziaga
Osagarria: Zapatak
Kolorea: Arrosa
Ibiltokia: Paris
Oihala: Kotoia