Nora Goyalderen ‘Behi Korua’ instalazioa dago ikusgai Gasteizko Montehermoson
Monterhermoso Kulturuneko Jovellanos aretoan jarri dute Nora Goyalderen Behi Korua instalazioa, eta maiatzaren 8ra egongo da zabalik. Kulturuneak Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultatearekin batera 2022rako egin duen deialdiaren hirugarren proiektua da.
‘Behi Korua’ hogeita hamabi minutuko instalazioa da; zenbait objektu zilindriko daude Jovellanos aretoan eta marru egiten dute modu ordenatuan. Goyaldek animaliek egiten dituzten soinuen elkarketatik sortzen den indarraren inguruan egiten du gogoeta. "Ahots askok batera barnekoa entzutea eragiten dute eta harremanak sortzen dituzte", azaldu dute erakusketaz.

Nora Goyaldek Arte Ederren Gradua ikasi zuen EHUn eta Increarte masterra amaitu zuen 2021ean. Bere lan artistikoa piktorikoa izan ohi da, baina azkenaldian, soinuekin eta ahotsekin ari da lanean. Izan ere, esperientzia handia du koruetan; Donostiako Orfeoian eta Euskal Herriko Gazte Abesbatzan aritu da. Zuloberde lana Ertibilen aukeratu zuten iaz, eta Trebol erakusketa kolektiboan ere parte hartu zuen 2021eko amaiera aldera, Bilboko AIRE galerian. Donostiako Azpi Kultur Elkartearen kide da.

