Nor taldeak Euskal Herriko zoo eta akuarioen gezurrak salatu ditu

Nor taldeak Euskal Herriko zoo eta akuarioen gezurrak salatu ditu Nor taldea Euskal Herrian antiespezismoaren eta animalien askapenaren alde borrokatzen den kolektiboa da. Talde honek Euskal Herriko zoo eta akuarioak aztertzen dituen ikerketa bat kaleratu du. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/nor-taldeak-zoo-eta-akuarioen-gezurrak-salatu-ditu/@@download/image/1.- Makako lehoi-buztanduna - Zoo Santillana del Mar.jpg
2020/05/20
Nor taldea Euskal Herrian antiespezismoaren eta animalien askapenaren alde borrokatzen den kolektiboa da. Talde honek Euskal Herriko zoo eta akuarioak aztertzen dituen ikerketa bat kaleratu du.
Nor taldeak Euskal Herriko zoo eta akuarioen gezurrak salatu ditu

Txosten baten bidez salatu du zentro horietan hezkuntza okerra ematen dela eta horretarako bideo eta argazki-erreportaje bat ere argitaratu dute. Salatu dute zoo eta akuarioetan egiten de errekuperazio lana faltsua dela eta animalien ongizatea ez dela existitzen. 

2019ko udan zehar Nor kolektiboak animaliak gizakien entretenimendurako erabiltzen dituzten hainbat zentro ikertu zituen. Zehazki Euskal Herriko eta inguruko zortzi zoo eta akuariotan izan ziren: Donostiako Aquariuma, Miarritzeko Itsas Museoa, Getxoko akuarioa (itxi berri dutena), Kantabriako Cabarcenokoa eta Santillanako zoologikoak, Bizkaiko Karpin eta Basondo eta Nafarroako Senda Viva. 

Ikerketaren bitartez, esplotazio zentro horietan aurkitutakoak biltzea eta salatzea dute asmo; izan ere, argi ikusi dute horietan guztietan gatibu dauzkaten animaliei ukatu eta zapaldu egiten zaizkiela oinarrizko eskubide eta interesak, gizakien entretenimendu hutserako. Gizakiz besteko animalien erabilera bidegabe hori zuritze aldera, hiru gezurretan oinarritzen dira era horretako esplotazio zentroak:

Batetik, esplotazio zentro horiek animaliei buruz ikasteko eta irakasteko lekutzat aurkezten dira. Nor taldearen ikerlanak, ordea, gezurtatu egiten du hori; izan ere, zentrook oso informazio eskasa ematen dute beti gatibu dituzten animaliei buruz. Norbanakoa bere espeziearen ordezkari huts bilakatzen dute, ezaugarri propiorik ez balu bezala. Eta, edonola ere, animalia gatibatu horien jarrerak, bizierak eta ohiturak hain daude eraldatuta, gatibutzaren ondorioz, ezen ezer gutxi ikas baitaiteke haiei buruz.



Bestalde, zentrook animalien aldeko errekuperazio lana egiten dutela esaten dute, baina hori ere gezurra da. Nor kolektiboaren ikerketaren arabera, azken urtean hogei norbanako animalia baino ez dira naturan aske utzi; aldiz, guztira 20.000 gizakiz besteko animalia daude zentro horietan gatibu. Miarritzen, salbatutako animaliak ikuskizunak egitera behartzen dituzte, adibidez. Horrez gain, zoo eta akuarioetan erakusten diren animalia gehienak beren habitatetik bahitu dituztela salatzen du ikerketak. Ez da oso sinesgarria esatea errekuperazioa dutela xede.


Azkenik, animaliak ondo zainduta daudela adierazi ohi dute jabeek, baina hori ere ez da egia. Izan ere, Nor taldeak ikerturiko zentro guztietan aurkitu dituzte, esate baterako, estereotipiak garatu dituzten animaliak; gatibutzaren ondoriozko mugimendu errepikatuak dira estereotipiak, eta oso ohikoak dira giltzapetuta dauden norbanakoengan. Egiaztatu dute estereotipiak edo zoonosiak gaixotuta daudela Donostiako Aquariumeko marrazoak, Senda Vivako eta el Karpineko hartzak, Cabarcenoko jaguarrak, Santillana zooko lepahoriak, Basondoko otsoak, eta Miarritzeko itsas museoko zenbait arrain, besteak beste. Nor taldeak dioen bezala, «animalien ongizatea saldu nahi diguten arren, irabaziak ziurtatzea da haien helburu nagusia, eta beste guztia bigarren mailako arazoa da».

Nor talde antiespezistak kaleratutako txostenaren arabera, hezkuntza, errekuperazioa eta animalien ongizatearen argudioak gezurrak direla ondorioztatzen da.


Hortaz, Nor kolektiboak irmo salatzen du esplotazio zentro horien jarduera bidegabea, gizakiz besteko animalien oinarri-oinarrizko interesak zapaltzen baitituzte, eta zentrook berehala eta behin betiko ixteko eskatzen du.

Hemen euren ikerketa burutzen ari zirela ateratako bideo eta argazki tristeak. Informazio gehiago nahi izan ez gero txosten honen inguruan sartu nor.eus web gunera.