Nor da Anonymous?

Nor da Anonymous? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/nor-da-anonymous/@@download/image/20111064438anon_1361289413.jpg
2011/10/07
erreportajea
Testua: Egoitz Gonzalez
"We are Anonymous. We are Legion. We do not forgive. We do not forget. Expect us." (Gu anonimoak gara. Gu gara lejioa. Ez dugu barkatzen. Ez dugu ahazten. Erne!) Hau da hacktibista berezi hauen lema.

Hacktibista internazionalek osatutako mugimendua da Anonymous. Anonimoak dira, ez daukate liderrik eta parte hartzaile kopurua zehaztezina da. Ez dira alderdi politiko jakin baten jarraitzaileak, eta beren ideologia gardentasunean eta justizian oinarritzen da.

Horregatik, etikoki zalantzazkoak diren jokabideak dauzkan edozein gobernuren edo erakunderen aurka zuzendu ditzakete erasoak, eta Internet dute gudu zelai: ordenagailu bat arma gisa erabiliz, foro, chat eta sare sozialen bitartez komunikatu eta antolatzen dituzte ekintzak.

Taldea 2003 urtean sortu zen, baina 2010ean lortu zuen benetako ospea, gobernuek pirateriaren aurkako legeak gogortu zituztenean. Orduan, erasoak zorroztu eta PayBack Operazioa abiatu zuen Anonymous mugimenduak. 

Geroztik, halako ekimen gehiago ere jarri dituzte martxan, baina garrantzitsuena Operation Avenge Assange (Assange Mendekatu Operazioa) izenarekin ezagutu duguna da. Azken kasu honetan, Wikileaks erakundearen aurka ari ziren gobernu eta enpresak izan ziren biktima; esate baterako, Amazon, Paypal, MasterCard edo Suitzako PostFinance bankua.

Facebook sare sozialaren aurkako eraso bat prestatzen ari zirela ere jakinarazi zuten iragan abuztuan, Anonymous osatzen dutenak ez baitaude sare sozial honen pribatutasun politikarekin ados, ezta beraien esku duten informazioaren kudeaketa moldearekin ere. Dena dela, momentuz ez omen dute aurrera segiko ekintzarekin.

Baina, guda zibernetiko hau, hacktibismoa, zertan datza? Esan genezake badituela hainbat fronte. Batetik, beste zenbait gizarte mugimenduk eta elkartek urraturiko borroka ildoekin bat egiten dute, eta hauek deituriko manifestaldietan, elkarretaratzeetan, aldarrikapenetan eta protestetan ere parte hartzen dute. Bestetik, Sarean barrena ere zabaltzen dute euren ideologia, eta foroak nahiz sare sozialak baliatzen dituzte gobernuen aldetiko injustiziak argitara atera eta kontzientziak astintzeko. Ekintza ildo horiei gehitzen zaizkie, hirugarrenik, gobernu nahiz enpresen aurka zuzen-zuzenean bideratutako erasoak, DDOS izenarekin ezagutzen diren erasoak hain zuzen. Jopuntuan dituzten konpainien web orrialdeak bertan behera uzten dituzte, galera ekonomikoez gain korporazio hauen ospea eta izena kaltetuz. Gogoratu, adibidez, joan den ekainean Espainiako Polizia Nazionalak bere webgunearekin izandako buruhausteak.

DDOS eraso hauek edozeinek, anonimoki, munduko edozein puntutatik aurrera eraman ahal izateko dohainik deskarga daitekeen programa bat garatu du mugimenduak. Gogoratu, edozein izan daiteke Anonymous.

Harritu gaitu


www.milliondollarhomepage.com
The Million Dollar Homepage. Tipo batek web orria milioi bat pixeletan zatitu du eta pixel bakoitza dolar batean jarri du salgai, jendeak eta enpresek publizitatea jar dezaten trukean. Beraz, txorakeria honekin, milioi bat dolar irabazi du tipoak!

Katxondoena


Arraun cuore
Zenbait arraunzalek Arraun Cuore izeneko profila sortu dute Facebooken. Bertan, arraunlarien artean sortutako harremanak (amodiozkoak batik bat) komentatzen dituzte. Hasiera batean, benetako historiak atera zituzten argitara, baina jendea haserretzen hasi zen eta, ondorioz, asmatzen hasi dira. Interesgarria da aste gutxitan ia 300 lagun lortu dituelako eta nahiko erantzun ona jaso duelako arraunlarien aldetik.

Informazio bila


www.qwiki.com
Webgune honetan edozein herrialderi buruzko nahi beste irudi eta informazio aurkituko duzu.