Noplace: Gazteenen arreta bereganatzen ari den sare soziala

Noplace: Gazteenen arreta bereganatzen ari den sare soziala Twitterreko (orain X) mezu laburren eta antzina-antzinako MySpace sare sozialaren pertsonalizazioa uztartzen ditu. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/noplace-gazteen-arreta-bereganatzen-ari-den-sare-soziala/@@download/image/noplace-og.png
2024/07/18
Twitterreko (orain X) mezu laburren eta antzina-antzinako MySpace sare sozialaren pertsonalizazioa uztartzen ditu.
Noplace: Gazteenen arreta bereganatzen ari den sare soziala

Sare sozialen panorama bere mugak hedatzen ari da, lehiakortasuna haziz. Azken nobedadea Noplace deitutakoa da. Bere aurkezpen eskutitzean esaten duenez, pentsamenduak adierazi eta interes bereko beste pertsonekin konektatzeko espazioa da. Oraingoz, Estatu Batuetan dago eskuragarri, App Store bidez.

Noplace plataforma X eta Myspace-n arteko konbinaketa bat bezala definitu dute erabiltzaileek. X sare sozialaren mikroblogging aukera eskaintzen du; baina baita Myspace-ak zuen pertsonalizazio aukera ere, profilak norberaren gustuen isla izan daitezen. Erabiltzaileek etengabe aldatu lezakete euren informazio pertsonala entzuten ari diren hori ezagutzera emateko, ikusten ari diren telesailaren berri adierazteko, egiten ari direna aipatzeko edo harreman baten dauden ala ez jakinarazteko.

Erabiltzaileek etiketak gehitu ditzakete euren profiletan. Plataformak “izarrak” deitzen ditu eta erabiltzaileei interesatzen zaizkiek gaiak izan ohi dira: zeinu astrologikoak, jarduera ezberdinak, orientazio sexuala... Gainera, profilek “lagun minak” deitutako atala ere badute.

Maila ezberdinak eskuratu litezke sare sozial honetan; hau da, erabiltzaileek puntuak eskuratzen dituzte edukiak gehitzen joan ahala, besteei iruzkinak uztean edo profil ezberdinak bisitatuz. Norbere kontuan elkarrekintzak jasotzean ere eskuratu litezke puntuak. Honek, mailaz igotzen laguntzen du eta bakoitzaren ekintzak eta estatusa deskribatzen dituzten intsigniak eskuratzen dira.

Kontua pertsonalizatzeko aukera da, ordea, erabiltzaileak gehien erakartzen dituena; eta hain justu, hau da Noplace beste sare sozialetatik ezberdintzen duena. Tiffany Zhong, plataformaren sortzaileak esan duenez, bestelako sare sozial erraldoiek euren nortasun soziala alboratu dute eta komunikabide soil bilakatu omen dira. Gainera, bere ustez, gaur egun geroz eta konplexuagoa da norbere interesen inguruan komunitate bat sortzea, sare sozialetako edukia sekula baino pertsonalagoa baita eta horrek gutxiago partekatzea omen dakar.

Noplace-n helburua komunitatea sustatzea da. Horregatik, bi feed ezberdin ditu: bata, erabiltzaileen lagunena eta, bestea, orokorra, aplikazioan dauden erabiltzaile guztien edukiak erakutsiz. Biak alderantzizko kronologia bidez ordenatuak daude, hau da, berrienak lehenago eta ondoren zaharragoak direnak. Gainera, plataformak oraingoz ez du aukerarik uzten profila pribatu bilakatzeko, baina adin txikikoen feed-a moderatuagoa da.

Hain justu, edukiaren moderazioa da sare sozialaren webguneko FAQ atalean biltzen den informazio urrietako gai nagusia. Bertan erabiltzaileak gonbidatzen ditu “jarrera baikorrak” bultzatzera, baina jokabide txarrak baldin badaude, plataformak ziurtatzen du erabiltzaileak blokeatu eta isilarazteko aukera duela eta baita edukia salatzekoa ere. “Komunitateak arau zorrotzak ditu, Noplace edonorentzat leku segurua izan dadin” ziurtatzen du plataformak.

Noplace pasaden urtean kaleratu zen. Hastapenetan gonbidapen bidez bakarrik iritsi zitekeen bertara, orain jada, edozeinen eskura dago App Store-n bidez.