Non kokatuko dute 'God of war' sagaren hurrengo jokoa?
Bideojokoen zaleak God of war sagaren hurrengo tituluaren zain daude, garapen lanetan dabiltzala zabaldu baita, eta teoria batzuk ere sortu dira kokapenaren inguruan. Entretenimenduaren munduko informazio bila aritzen den Daniel Richtman-en arabera, Egipton koka lezakete hurrengo jokoa, Ekialde Ertaineko aktoreen bila dabiltzala jakin baitu.
Egipton kokatzearen teoriak badu bere zentzua. Izan ere, PlayStationek 2018an plazaratutako Raising Kratos dokumentalean azaldu zutenez, Egiptoko mitologian oinarritutako jokoa kaleratzekotan izan ziren, baina azkenean eskandinaviarraren alde egin zuten.
Beste uste batzuk ere badira, ordea. Tom Henderson-ek bere podcastean azaldu duenez, God of War Greziara itzuliko da. Antza denez, Kratosen gazte garaia kontatuko dute. Protagonistaren eta bere familiaren istorioa kontatuko lukete, eta aitarekin duen harremanean sakondu. Dena den, Hendersonek ez du zehazterik izan ea sagaren beste proiektu bat ote den, ala hurrengo joko nagusia.

PlayStation eta Santa Monica Studiok ez dute inolako informaziorik eman, ez joko berria garatzen ari direnik eta ezta Egipton girotzeko asmoa dutenik ere. Beraz, zurrumurruak baino ez dira oraingoz.
Bideojokoan oinarritutako telesailaren proiektua ere bada, Amazon Prime Videon emango dutena. Ronald D. Moore da telesaila gidatuko duena. Proiektuaren garapena geldoa da eta 2026an estreinatuko den esperantza badago ere, agian denbora gehixeago itxaron beharko da.
