Non ipini behar da routerra Internet konexio hobea izateko?
Kontratatutako fibra optikoa egokia bada, baina, hala ere, Interneteko konexioarekin arazoak izaten badituzu, adi aholku hauei!

Gure eguneroko bizitzan ezinbesteko bihurtu dugu Interneta, eta wifira konektatzea izaten da askok esnatu berritan egiten dugun lehen gauza. Bidaiatzen dugunean ere, wifiaren bila ibili ohi gara, sarera konektatzeko antsiaz.
Batzuetan etxean ez dugu nahi genukeen Internet konexioa izaten, nahiz eta kontratuta daukagun fibra optikoa ona izan. Hori dela eta, errepikagailuak ere jarri ohi ditugu, etxeko txokoetara hobeto irits dadin.
Hona hemen, etxean Internet konexio hobea izate aldera, routerra kokatzeko gomendioak:
- Etxearen erdialdean edo Interneta gehien erabiltzen duzun tokian jarri. Ahal izanez gero, ez jarri etxeko izkina batean edo kanpoko pareta batetik gertu. Hala, modu uniformeagoan zabalduko da seinalea.
- Altueran kokatu. Apalategi batean edo mahai gainean ipini, ez lurrean. Wifi uhinak aldamenetara edo beheraka hobeto hedatzen dira.
- Oztoporik ez inguruan. Ez dadila altzari handien, ispiluen, pareta lodien edo metalezko edo hormigoizko egituren ondoan egon.
- Ez sartu ezeren barruan. Espazio librea behar du, beraz, ez sartu altzari batean edo kaxoi itxi batean.
- Gailu elektronikoengandik urrundu. Ez jarri mikrouhin-labearen, haririk gabeko telefonoaren, kontsolen edo Bluetooth bozgorailuen ondoan, seinela oztopatu dezakete eta.
Egin proba eta ea hobekuntzarik nabaritzen duzun!