'Non dago Mikel?' dokumentala gaur Bilbon

Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen, Biktimen eta Aniztasunaren Zuzendaritzak antolatzen duen Zinexit Erakustaldiaren XI. edizioa azaroaren 22tik 26ra bitartean izango da Bilboko Golem zine-aretoetan, baina aurretik Zinexit Topaketak izango dira eta horren barruan proiektatuko da gaur Mikel Zabalzaren desagertzeari eta heriotzari buruzko Non dago Mikel? dokumentala. Ekimenak "duintasunaren eta oinarrizko eskubideen errespetuan oinarritutako bizikidetza bultzatzea" du helburu, zazpigarren artearen bidez.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, "dokumental urratzailea" delako aukeratu dute, eta "biktima guztiek, oro har, eta Mikel Zabalzaren familiak eta lagunek bereziki, egia jakiteko duten eskubideari lagundu nahi diolako". Filma Amaia Merinok eta Miguel Angel Llamasek idatzi eta zuzendu dute, Izaskun Arandiak ekoiztu du eta Nagore Ezeizaren argazkia du.
80 minutuko iraupena duen dokumentalak terrorismoaren aurkako operazio baten barruan izandako Mikel Zabalza autobus gidari gaztearen atxiloketa kontatzen du. Gainerako atxilotuak aske utzi zituztenean, modu basatian torturatu zituztela salatu zuten, baina Zabalza falta zen. Agintariek ihes egin zuela argudiatu zuten, eta bizirik aurkitzeko itxaropena desagertzen ari zen bitartean, Euskal Herriko kaleak sutan zeuden “Non dago Mikel?” oihukatuz. Mikel Zabalzaren heriotzaren arrazoiak eta inguruabarrak zehazteko zailtasuna eta Espainiako agintarien utzikeria judiziala eta oztopoak batuta, 36 urte geroago ez da inor bere heriotzaren arduradun izateagatik epaitu, eta ez da jakin benetan zer gertatu zen.
Dokumentalaren emanaldia gaur izango da, 19:30ean, Azkuna Zentroko Golem zine-aretoetako 4. aretoan, eta edukiera mugatua izango du. Sarrera librea eta doakoa izango da leku guztiak bete arte, baina aurretik jaso behar da gonbidapena leihatiletan. Emanaldiaren ondoren Gaizka Izagirrek gidatutako solasaldia izango da, eta Idoia Zabalzak, Mikelen arrebak, hartuko du parte.