Nomofobikak konpainiaren 'Kris eta Krash ile-apaindegia' antzezlanak irabazi du Poltsiko Antzerki Sorkuntza programa

Euskarazko formatu txikiko antzerki sorkuntza eta ekoizpena bultzatzeko 2022/23ko Poltsiko Antzerki Sorkuntza programan jasotako proiektuen artean, Nomofobikak konpainiaren Kris eta Krash ile-apaindegia antzezlana aukeratu du epaimahaiak. Obrako aktoreak Amaia Lizarralde eta Asier Olaizola dira, eta Olatz Beobideren kanpo-begirada du.
Honako hau da antzezlanaren nondik norakoa: "Kris eta Krash ile-apaindegian daude, elektrizitatearen erabilera mugatuta dute (lehorgailua, plantxak…) ordaindu behar dituzten faktura altuengatik (argiarena, urarena). Hala ere, bezeroek ez diote joateari utzi, ile-apaintzaileei esker beraien arazoak hobetzen baitira. Ile-apaintzaileek trikimailuak erabiltzen dituzte argiaren faktura ez ordaintzeko eta, batzuetan, beraien zailtasunak eta bizipenak partekatzen dituzte bezeroekin, paperak trukatuz. Amaieran, bezeroak harro daude laguntzeko gai izan direlako eta irtetean, lasaiago egingo diote aurre euren bizitzei, zer gertatzen zitzaien ulertu dutelako, nahiz eta hasieran ilea apaintzera bakarrik joan diren".
Bestalde, Ion Martinez EsnaolaTxiki komikoaren proiektu berria, Diskoberri Txanel: euskaldunon jatorria izan da finalista. Euskal Herriko historia kontatzen duen umorezko bakarrizketa da: "Espazioaren Big Bangetik, lehen kobazuloetako gizakietara; lehen artzainetatik, erromatar garaira; Nafarroako Erresuma. Mundu gerrak, gerra zibilak, frankismoa, ETAren hamarkadak… Euskal Herrian eman den azken fenomeno historikora arte: Chill Mafia".
Saritutako lanak hurrengo Poltsiko Antzerki Jaialdiaren barruan estreinatuko dituzte. Proiektuak garatu eta ekoizteko diru-ekarpenak ere jasoko dituzte, irabazleak 1.500 euro eta finalistak 1.200 euro. Gainera, abenduan kultur etxeek euren espazioak utziko dituzte aukeratutako sormen-proiektuak gauzatzeko. Era berean, 32. Poltsiko Antzerki Jaialdian egin beharreko estreinaldi eta emanaldien truke 2.500 euro jasoko ditu irabazleak, eta 2.000 euro finalistak.