Nolako jaiak halako gazteak

Nolako jaiak halako gazteak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/nolako-jaiak-halako-gazteak/@@download/image/31p18-1.jpg
2003/06/06
erreportajea
Herri guztiak dira ezberdinak, festa guztiak dira ezberdinak. Horregatik, izaeraren edo zaletasunen arabera, parranda non egin pentsatzea eta aukeraketa egitea da onena. Eta nolakoa zara zu? Hona hemen zenbait ideia.  

Destroyer-entzat
Berdin zaizu etxera itzultzeko autorik edo autobusik ez izatea. Are gehiago, etxetik irten orduko, argi zenuen gaupasa egingo zenuela. Horietakoa bazara, Oion (abuztuko azken asteburua), Biasteri (abuztuak 29), Lizarra (abuztuak 1) edota Bermeo-Elontxobeko jaietara (uztailak 22) joatea gomendatzen dizugu. Ez duzu lo-kuluxkarik egiteko paradarik izango. Oion, Biasteri eta Lizarran primeran pasatuko duzu, gazteek jaietarako propio prestatutako "txamizo-kobazulo"-etan. Dasta itzazu, huts egin gabe, gazteek eginiko edabe magikoak: zurrakapotea, sangria… Bestela, Oionen eta Biasterin, ardoa ez zaizu faltako. Bermeora joatea aukeratuz gero, ez ahaztu arrantzale zapia eramatea. Magdalena egunean, parrandazaleak Bermeotik Elantxobera joaten dira eta bertan, sekulako festa egiten dute. Izugarria!

Bekatarientzat

Oro har, Euskal Herriko jai gehienak santu baten inguruan egin ohi dira. Hala ere, badira besteak baino 'fededunagoak' diren festak. Eta fededunen artean fededunetakoak Azpeitiakoak ditugu. Nola ez, bertan jaio baitzen San Inazio Bizkaiko eta Gipuzkoako zaindaria! Haren omenez, San Inazio egunean (uztailak 31), prozesioa egiten dute herriko kaleetan. Dotore-dotore jantzita, santuaren irudia sorbalda gainean hartuta, herriko kale nagusiak zeharkatzen dituzte, izerditan, gainerako herritarren begiradapean. Ez al dira nekatuko? Bekataria bazara, eta otoitz egin nahi baduzu, Azpeitiara jo dezakezu zure bekatuak 'zuritzera'. Noski, ez da komeni gero, gauez, Azpeitiako taberna zuloetan berriro bekatuak egitean hastea... Eta badira festa prozesiozale gehiago: Nafarroako Tulebras (abuztuak 19) eta Arabako Albeiz eta Araia (ekainak 23) herrietakoak, esaterako.

Folklorezaleentzat

Badira oraindik garai bateko festei eta ohiturei eusten dieten herriak: herri kirolak, trikitixa, dantzaldiak, koadrilen arteko jokoak, bertso saioak… Girotxo hau atsegin baduzu, Usurbil eta Ataungo santaixabeletan (uztailak 2), Astigarragako santiotan (uztailak 25) eta Igeldoko, Behintza-Labaiengo eta Erratzuko sanpedrotan (uztailak 29) gustura ibiliko zara. Behintza-Labaienen, Erratzun eta inguruko herrietako jaietan Modesto musikaria da dantzaldietako errege. Berak, bakarrik, plazak betetzen ditu. Iaioa da Modesto musika tresnekin; gitarra, teklatuak eta esku soinua jotzeaz gain, abestu ere egiten baitu gizonak. Usurbilen, salda gozoa emango dizute gosaltzeko, eta klabelin zuri edo gorriak ere oparituko dizkizute. Eta Igeldon, gaua amaitutakoan, baratxuri zopa. Zerbait gehiago eska al daiteke?

Erromantikoentzat

Zure mutil edo neska-lagunarekin eskutik helduta lasai-lasai ibiltzea gogoko baduzu, zarata handirik gabeko jaietara jotzea duzu onena. Lapurdiko Larresoro (abuztu azken asteburua) edo Nafarroa Behereko Bidarraiko (uztailak 14) jaiek xarma handia dute. Jaiotan, ez duzu jende uholdearen azpian zapalduta bukatuko. Dena dela, bada gustura ibiltzeko giroa: txarangak, herri bazkaria, haurrentzako jokoak, dantzaldiak… Jakina, pilota partida ederrak ikusteko aukera izango duzu, Ipar Euskal Herrian ohikoa baita jaietan pilota partidak antolatzea. Ostatuak ordu txikiak arte egon ohi dira zabalik asteburuetan. Hala ere, parrandarik egiteko asmoa ez baduzue, astegunetan joatea duzue onena.

Kirolzaleentzat

Nork dio parranda eta kirola ez direla bateragarriak? Horixe bera egiten dute Bilboko konpartsek Aste Nagusian (abuztuaren hirugarren astea). Ez al da kirola txosnen paradisuan batetik bestera ibiltzea? Orain, "Txomin Barullo"-ra; jarraian, Bizkaiko Emakumeen Asanbladarenera… Eta bien bitartean, joko eta lehiaketa dibertigarriak… Horrela hamar egunez, Marijaia erre eta bere errautsak Nerbioi ibaira bota arte. Dena den, seguru asko, doping azterketa egingo balute, askok ez lukete azterketa gaindituko! Eta kirolarekin jarraituz, ezin aipatu gabe utzi bestelako proba bitxiak. Astrabuduako sanlorentzotako (abuztuak 8) korrikalariek kulero eta gantzontzilotan parte hartzen dute jaietako lasterketan. Erriberako Marzillako sanbartolometan (abuztuak 24) aitzurra jaurtiketa txapelketa egiten dute. Hala ere, Kortezubiko santiagotan (uztailak 25) egin ohi dira Euskal Herriko kirol probarik bitxienak edo arraroenak —buruhandiena, tripaundiena...—

Kontzertuak non musikazaleak han


Musikazale sutsua bazara, udako jaietan ilea eta gerria gogor astitzenko aukera izango duzu. Herri askok izaten dute kontzertu eskaintza ederra festetan, baina batzuk klasikoak dira: Arrasate (ekainak 24), Agurain (urriak 9), Elorrio (abuztuak 10), Iruñea (uztailak 7), Bergara (ekainak 3), Zornotza (uztailak 26), Eskoriatza (ekainak 29), Errenteria (uztailak 15), Lekeitio (irailak 2), Gasteiz (abuztuak 5)...