Nola memorizatu informazioa azkar?

Nola memorizatu informazioa azkar? Hona hemen azterketetarako teknika eta aholkuak. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/nola-memorizatu-azkar-eta-ikasitakoa-ez-ahaztea/@@download/image/pexels-george-dolgikh-551816-1326947.jpg
2024/10/10
erreportajea
Hona hemen azterketetarako teknika eta aholkuak.
Nola memorizatu informazioa azkar?

Ikasketek gauzak ulertu, buruz ikasi eta ikasitakoa memorian mantetzea exijitzen digute. Informazioa gehiegizkoa izan ohi da, ordea, eta behin bakarrik irakurrita ezinezkoa da guztiarekin geratzea. Nola memorizatu azkar ikasitakoa? Artikulu honetan hainbat ikasketa teknika topatuko dituzu informazioa atxikitu eta azterketetara fresko iristeko.

Irakurri ahots altuan eta errepikatu
Audio ohar batean grabatu gure ahotsa edo beste norbaiti azaldu, buruz ikasi nahi dugun hori errepikatuz. Modu honetara ondo memorizatu ez dugun horretaz errazago ohartuko gara. Metodo eraginkorra da, ez baitugu irudikapen bisuala soilik erabiltzen, baita entzumena ere. 

Ikasten ari garen hori idatzi
Erabilgarria den beste teknika, garunean geratzea nahi dugun hori idaztea da. Denbora gehiago exijitzen duen teknika da aurrekoarekin alderatuta, baina nahiko eraginkorra, memorizatu nahi ditugun kontzeptuekin trebatzen baikara modu azkarrean.

Istorioak edo narrazio txikiak sortu
Teknika hau eraginkorra da, bereziki, azkar memorizatzeko eta zenbakiak ala sekuentziak ez ahazteko. Istorio bat asmatzean datza buruan sartu nahi ditugun zenbakiekin osatua. Adibidez, 731057 zenbakia gogoratu nahi badugu, istorio hau asma genezake: “Nire alabak 7 urte ditu eta 3 zituenean hasi zen eskolan. 10 urte betetzen dituenean, beste bost lagunekin Disneyland-era joan nahi du 7 egunez”. 

Informazioa errepasatu
Behin bakarrik irakurrita oso zaila da memorian zerbait gordetzea, ez badu behintzat guretzat eragin emozionalik. Errepasoa eta errepikapenak gure memorian informazioak aztarna uzteko modua da, bai, badakit klasiko bat dela, baina funtzionatzen du. Teknika hau bereziki erabilgarria da loturarik gabeko informazioekin, zenbakiekin eta datekin. 

Eskema eta laburpenak egin
Hau beti izan da teknikarik gomendatuenetakoa. Ziur irakasleek askotan esan dizutela eta zerbaitengatik da. Testu bat irakurri eta memorian finkatzea prozesu luze eta motela izan liteke. Gomendagarria da prozesua azkartzeko kontzeptu orokorrekin eskemak eta laburpenak egitea. 

Leku egokia topatu
Testuingurua funtsezkoa da ikasketa prozesua erraztu edo zailtzeko. Gomendagarria da argi egokia duen leku bat topatzea, ahal balitz argi naturala duena, tenperatura egokiarekin eta postura eroso bat mantentzeko beta eskaintzen diguna. Ziurtatu nahikoa espazio ere baduzula eta ez duzula distraituko zaituen inolako elementurik ondoan; bai, mugikorraz edo ikasteko behar ez dituzun bestelako edozein pantailez ari naiz. 

Aldizka atseden hartu
Azterketen aurreko egunetan bereziki. Izan ere, aurreko egun horietan askok gaupasak egiten dituzte guztia memorizatzeko ahaleginetan. Frogatu da, etenik gabe, ordu luzeetan ikasten egotea ez dela eraginkorra. Hobe da minutu batzuetan atseden puntualak burutzea, gure burua deskonektatu eta lasaitu dadin, eta ondoren berriz ere ikasten jartzea. Ez badirudi ere, zure buruari tregua bat eskaintzea aholku bikaina da azkar memorizatu eta ez ahazteko. 

Ikasitakoa ebaluatu
Gai bakoitzarentzat autoebaluazioak edo testak prestatu, edukiak benetan memorizatu dituzun ikusteko aukera emango dizu. Proba hauek interneten topatu ditzakezu edo zuk zeuk sortu, zailtasun maila aukeratuz.