Nola ligatu feminismoaren garaietan

Nola ligatu feminismoaren garaietan Badira gaur egun ezin dela ligatu diotenak... beharbada egiten dutena ez delako ligatzea. Hemen garaiotan kontutan hartu beharrekoak: https://www.gaztezulo.eus/albisteak/nola-ligatu-feminismoaren-garaietan/@@download/image/fem-grid-faces-hp-promo.jpg
2018/08/20
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Badira gaur egun ezin dela ligatu diotenak... beharbada egiten dutena ez delako ligatzea. Hemen garaiotan kontutan hartu beharrekoak:
Nola ligatu feminismoaren garaietan

"Gaur egun ezin da ligatu" edota "Feminismoarekin ea nor ausartzen den emakume bati hitz egiten". Halako esaldirik entzun al duzue inoiz? Beharbada, zuk zeuk bota duzu halakoren bat? Pentsatu al duzue arazoa ez dela feminismoarena, ligatzerakoan orain arte erabili diren teknika atzerakoiena baizik? Feminismoaren garaietan ligatzeko hainbat gako bildu ditugu jarraian:

1) Jazartzea ez da ligatzea: 50 urteko gizon batek 18 urteko neska bati "Guapaa!" edota "Zelako gorputz puska duzun!" oihukatzea, ez da ligatzea. Diskotekan neska baten ipurdiaren aurka paketea igurztea ez da ligatzea. Orain arte sekula ez da amodio istoriorik hasi titiak edota ipurdia baimenik gabe ukitzerakoan. Hori ez da harreman bat hasteko modua, emakume bat jazartzea da.

 

2) Kalean ligatzea: Oraindik ez da ikusi norbaitek kalean lizunkeria zatar eta gustu txarreko bat emakume bati bota eta handik harreman bat atera izana. Horrek ez du esan nahi emakumeei ezin zaienik hitz egin; errespetuz jokatzea besterik ez da behar. Adibidez: "Kaixo! Barkatu horrela aurreratzeagatik, baina lehen ikusi zaitut eta gustatuko litzaidake zu gehiago ezagutzea. Nahi baduzu telefonoa utziko dizut eta zerbait hartzeko gelditu gaitezke". Ez da horren zaila, ezta?

 

3) Emakumeei ere sexua gustatzen zaie: Atzean gelditu dira txorta-gau bat izateko bizi osorako amodioa zin egiten zutenen garaia. Argi izan; nahi duzuena sexu pixka bat bada, esaiozue ondokoari argi eta garbi; baliteke bera ere gau dibertigarri baten bila egotea, besterik gabe! Eta gogoratu; emakumeek ere sexuaz gozatzen dute, eta horregatik ez dira lizunak!

 

4) Ezezkoak naturaltasunez onartu: Ligatzeko gomendio guzti hauek jarraitzen badituzu ere, baliteke ezezko bat jasotzea. Lasai, ez da ezer gertatzen. Ezezko horrek ez dizu aurrean duzun horri iseka egiteko eta iraintzeko eskubiderik ematen.

 

5) Gaizki erantzuten badizute, ez haserretu: Batzuetan gertatuko da. Munduko pertsonarik jator eta errespetagarriena izanda ere, erantzun txar bat jaso dezakezu. Ez duzu zertan harekin haserretu; baliteke pertsona horrek egun txarra izatea, hurbiltzen zaion enegarren gizona izatea eta nazkatuta egotea. Saiatu enpatia izaten!

 

6) Emakumeek ere ligatzen dute: Oraindik badira emakume bat ligatzen hurbiltzen zaienean zur eta lur gelditzen diren gizonak. Ez kikildu, denok dugu eta gozatzeko gogoa!