Nola eragingo die osasun krisi honek euskal zirkuitu musikaleko sektore ezberdinei?

Nola eragingo die osasun krisi honek euskal zirkuitu musikaleko sektore ezberdinei? Ezagutzen dugun mundua hankaz gora jarri du COVID-19 birusak. Gure errutinak aldatzera behartu gaitu konfinamenduak, krisi ekonomiko larrienean baino langabezia tasarik altuenak lortuz egun gutxitan. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/nola-eragingo-dio-osasun-krisi-honek-euskal-zirkuitu-musikaleko-sektore-ezberdinei/@@download/image/liher-2020.jpg
2020/03/25

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Ezagutzen dugun mundua hankaz gora jarri du COVID-19 birusak. Gure errutinak aldatzera behartu gaitu konfinamenduak, krisi ekonomiko larrienean baino langabezia tasarik altuenak lortuz egun gutxitan.
Nola eragingo die osasun krisi honek euskal zirkuitu musikaleko sektore ezberdinei?

Taberna, jatetxe eta oro har enpresa txikientzat sekulako kolpea izan da. Horien artean, sektorerik zaurgarrienetako bat kulturarena da. Nola eragingo dio osasun krisi honek euskal zirkuitu musikalari? Galdera hauxe luzatu diegu kultur eragile ezberdinei. 

Liher taldeak adibidez, aurkezpen birako kontzertu guztiak bertan behera utzi behar izan ditu oraingoz; 15 kontzertu hain justu, erraz esaten da. Azken hilabeteetako lan eta esfortzua bat-batean ezerezean geratu dira Liher taldeko Iñigo Etxarrik aipatu digunez. Ekonomikoki guretzat izugarrizko kolpea suposatu du bi hilabeteetan jo behar genituen kontzertuak bertan behera geratzea. Moralki lur jota gaude.

Guztia lotuta dagoenez, taldeei kontzertuak erori zaizkien bezala, antzokiek ere programatuak zituzten ekitaldiak bertan behera utzi beharrean aurkitu dira. Horrela azaldu digu Ihintza Orbegozok, Plateruena antzokiko kultur arduradunak: Martxoaren 12an, alarma zabaltzen hasi zenean, Euskal Herriko ia eragile guztiok hartu genuen asteburu horretako ekitaldiak bertan behera uzteko erabakia, neurri ofizialei aurrea hartuz. Oraindik ere erabaki onena hartu genuela uste dut, baina izugarrizko kolpea izan da. Sektore guztietan izan du eragina, baina gurean gainera diziplina ezberdinetako langileak daude (sortzaileak, antolatzaileak, teknikariak, produkzio langileak…) eta guztion jarduna etenda dago. Noiz eta nola itzuliko garen ez dakigu.

Bide beretik doaz Abadetxeko grabazio estudiaren sortzailea den Xabi Agirreren adierazpenak ere: Egun hauetan Abadetxera etorri behar zuen talde batek eta momentuz atzeratu egin behar izan dugu grabaketa, ez baitakigu zenbat luzatuko den hau guztia. Datorren hilabeteko grabaketak ere airean daude. Abadetxe bezalako estudio-sorleku batentzat artista bat ez etortzea, alde batetik tristea da, pasio guztia jartzen dugulako proiektu bakoitzean; baina bestalde, ekonomikoki diru sarrerak ez edukitzea suposatzen du. Oraindik gure ogibidea zaletasuna da askorentzat eta talde zein bakarlariek euren poltsikotik ordaindu behar izaten dituztenez grabaketak eta eurak, kontzertuak bertan behera geratu direlako, ez badute diru sarrerarik ez dakit zer gertatuko den. Argi dagoena da, grabazio estudio batek, mundu guztiak bezala gastuak dituela. Hau azken finean ogibidea baita, pasioz egiten duguna, baina ogibidea.

Honen ondorioak ikusteke daude oraindik, baina argi dago sekulako atzerakada suposatuko duela hainbat arlotan. Kulturari dagokionez udan jarriak ditu esperantzak Etxarrik, Liherreko gitarristak: Espero dut uda gerturatzen doan heinean entretenimenduaren sektorea burua altxatzen joango dela. Orbegozo ez da gai izan aurreikusteko noiz itzuli ahal izango diren talde eta antzokiak normalitatera: Itzulera ez da erraza izango, jarduna denbora batean etenda egon ondoren berriro martxa hartzea beti da zaila, eta oraindik ez dakigu ongi zein laguntza izango ditugun erakundeetatik. Euskal Herrian Musika Bulegoa lanean ari da Estatuko eta Europako sektoreko hainbat elkarteekin batera izango ditugun zailtasunekin guztiok laguntzeko. Gainera ez dakigu noiz itzuliko garen eta noiz arteko ekitaldiak dauden kolokan. Egun hauetan egin ez ditugunak aurrerago egiteko prestutasuna azaldu dugu guztiok eta hori dela eta, kultur ekitaldiak pilatzeko arriskua dago.

Izan ere, sortzaile eta kultura eragileek pasioa jartzeaz gain dirua ere ipintzen dute honetan eta besteek bezala sabela betetzeko beharra izaten dute. Hala ere, ez da inongo bermerik kultur eragileentzat Etxarriren iritziz: Gu bezala beste hainbat musika talde autonomo edo freelance daude. Kultura beti da kaltetuenetariko arlo bat, eta oraingoan ere ez dugu inongo konpentsaziorik dena eten ondoren. Askotan betetzen zaigu ahora euskal kulturari buruz mintzatzean, baina honetan egunero gabiltzanok ez dugu inongo babesik krisi honetan. Izan ere, sortzaile askok inbertsio bat egiten dute lan bat sortzean ondoren, argitara eman eta gero kontzertuen bidez inbertsioaren zati bat behintzat amortizatzeko, horrela azaldu digu Orbegozok: Sortzaileentzat ekitaldiak bertan behera gelditzea izugarrizko galera da. Agian izango dira laguntzak, baina ezjakintasunak eta jasandako kolpeak kultur arloko sortzaile eta langileon animoak guztiz astindu ditu eta horrek, guztia digeritu arte behintzat, ez garamatza baikorrak izatera. Baina tira, Plateruenaren kasuan, lanera gogotsu itzuliko gara, eta berriro agendak ekitaldiz betetzen direnean buelta emango diogunaren esperantza daukat. Hala ere, agendak betetan zeudenean ere egoera sortzaile gehienentzat defizitarioa zela gogorarazi nahi izan digu Abadetxe estudioko Agirrek: Orain kontzertuak bertan behera gertatu dira, eta beraz diru sarrerak taldeentzat zeroan daude, baina ez da ahaztu behar lehen asko ere ez zeudela hobeto, leku askotan ez baitzuten ezer ordaintzen eta beste batzuetan artistak berak ordaindu behar izaten zuela jotzeagatik. Euskal Herrian ez da ia inor musikatik bizi eta bizi dena ozta-ozta. Beraz, egoera honek ez die ezer onik ekarriko euskal musikariei, eta kultur sortzaileei oro har.

Kontzertuak doan emateaz ari garela, koarentena hasi zenetik sortzaile asko animatu dira etxetik kontzertuak grabatzera edo zuzenekoak egitera, animatu ez direnei hori egiteko proposamenak ere iritsi zaizkie. Liher da talde horietako bat: Zuzenekoak eskaintzea artista bakoitzaren aukera da, eta sortzaileak hala nahi badu ez diot eragozpenik ikusten. Baina orain jende askok edukiak eskatu ditu, musikariok gizartearekin zor bat bagenu bezala, obligazio bat bagenu bezala: “Entretenitu nazazu doan”. Ba ez. Gainera, euskaraz denaren aitzakiaz, askok mesede bat egingo baligute bezala planteatu dute. Ez nago zuzeneko hauen aurka, ez dut deskartatzen Liher moduan bat egitea, baina planteamenduak ez dira errespetuz egin jakinik zein den egoera. Orbegozok ere, sortzaileen erabakia izan behar lukeela uste du: “Ekimen polita iruditzen zait, gustura ikusi ditut batzuk, baina beti ere sortzaileek beraiek nahi dutela egiten bada. Irakurri dut batzuk proposamen dezente izan dituztela streaming bidez kontzertuak eskaintzeko, -zuzenekoetarako izaten dituztenak baino gehiago batzuetan-, eta baiezkoa ematera presionatuta sentitu direla: “nola izango naiz ba bakarra ezetz dioena.” Sortzaileek ordea, aske izan behar dute kontzertu horiek eman nahi dituzten edo ez erabakitzeko. Kontu honek gainera beldur pixka bat ere ematen dit, orain etxetik irten ezinda gauden honetan oso kale-zaleak dirudigun arren, errealitatean, gure gizartean denbora librean pantailaren aurrean igarotzen dugu, eta gauza berarekin denbora luzez aspertu egiten gara. Ekimen hauekin jendeak etxeko erosotasunetik, denbora laburrez hit-ak ikus-entzuten ditu eta gainera doan. Hau pasa ondoren zer gertatuko da? Modu hau nagusituko al da? Alferrikako beldurra izatea espero dut, eta hori beharrean jendeari zuzeneko kontzertuekiko jakin-mina sortu eta hau igaro ondoren antzokietara edo aretoetara hurbiltzea.

Agirre ere etxeetan kontzertuak egitearen aldekoa da, baina onartzen du apur bat saturatuta sentitu dela: Badirudi artista bazara behartuta zaudela zerbait igotzera, bestela ez zarela solidarioa edo kanpoan geratzen zarela. Abadetxeeren eta nire musika proiektuen ideia astiro egitearena da, etxean edo lokalean lan egitea eta abestiak landuta daudenean erakutsi eta kontzertuak burutzea, jendea saturatu gabe. Ez du zertan beti aretoetan izan behar, etxeetan egitearen ideia gogoko dut, eskaintzen duen hurbiltasun horregatik, baina inor aspertu gabe.

Horrelako ekimen partikularretatik harago, instituzioek kultura babesteko erantzunkizuna dutela uste du Etxarrik: Hasteko, taldeak dituen gastu finkoak bere gain hartu beharko lituzkete, oinarrizkoa iruditzen zait. Beharrezkoa izan da dena bertan behera uzatea, ados, baina erakunde kulturalek, izan musika, antzerki edo bestelakoek, bere gain hartu behar izan dituzte gastuak. Irabazi ez dugun diruagatik konpentsazioren bat ere egon behar lukeela iruditzen zait. Putreentzat zerga murrizketa gutxiago eta ardura kultural handiago gero ikurrina eta txapela janzten duten horientzat. Ez da erraza ordea laguntza horiek praktikan zehaztea Orbegozoren ustez, kultur arloan diziplina ugari baitaude: Guztien beharrizanak aztertu beharko lituzkete instituzioek. Enpresa izaera dutenek izango dituzte horietarako bideratuko laguntzak, baina izaera horri dagozkionak izango dira, langileak mantentzeko eta abar. Kulturan ordea, faktore asko daude eta guzti honen ondoren behar dugun bultzada erraldoia da, bai ekonomikoki, baita moralki ere, sortzaileek sortuz, antolatzaileek antolatuz eta publikoa ekitaldietara gerturatuz. Agirrek ez du argi instituzioek nola jokatu beharko luketen, argi du ordea kultur zaleak egin behar duenaz: Artistari orain bere bandcamp-ean abestiak edo diskoa fisiko zein digitala erosiz laguntzen badiogu, alde batetik, diru sarrera bat eskaintzen diogu, ondoren ia seguru datorren diskoan inbertituko duena. Bestalde, ekonomikoa ez den poza emango dio sortzaileari bere diskoa norbaitek erosi duela ikusteak, aurretik egindako lana baloratzen dela sentitzen duelako.

Aho batez babesten du Etxarrik Agirrek esandakoa: Kultur produktuak kontsumitu behar dira kultura babesteko. “We don’t need to play, we need money!” esaten zuen Lidek (Hernando) Facebook-en. Diskoak erosi, kamisetak erosi, txapak, biniloak… Lana doan egiteko eskatuz ez diogu inongo mesederik egingo kultur sareari, beraz badakizue: #supportyourlocalartists 

Etxarrik aipatutako lemak ez ahaztearen beharra azpimarratu nahi izan du Orbegozok: Kalera ateratzen garenean gure errutinetan sartuko gara berriz ere, eta horrekin batera, aipatu dugunez, agendak ekitaldiz beteko zaizkigu, espero baino gehiago ziurrenik -antolaturik zeudenak eta atzeratu direnak pilatuz-. Horregatik, egun hauetan aipatu diren leloak ez ditugu ahaztu behar, guztion eskura egongo baita kultur eskaintza zabal horretan parte hartu eta kultura sostengatzea bai ekonomikoki eta baita moralki ere. Gainera kultur zirkuitua aktibo bada eta jendearen erantzuna positiboa bada, sektorea erakundeetan garrantzia hartzen joan daiteke. Plateruenaren aldetik gogotsu antolatuko ditu ekitaldiak, betiko legez, baina jendearen erantzuna giltzarria izango da. Ea laguntzen diguten! 

Beraz, ondorioa argia da eta guztia laburbiltzen duen lema ezin hobeago bat utzi digu Xabi Agirrek guztia hau pasa ondoren, itxialdi honetan alboan izan ditugun abestiak zuzenean kontzertuetan gozatuz mantra baten moduan errepikatzeko: Kultura barik oso pobreak gara.