Nola bidaiatu bisitatuko duzun herrialdea suntsitu gabe

Nola bidaiatu bisitatuko duzun herrialdea suntsitu gabe Ongi etorri eko-turismoaren garaietara! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/nola-bidaiatu-bisitatuko-duzun-herrialdea-suntsitu-gabe/@@download/image/02da6c60028283.5a39089a09e43.jpg
2019/06/04
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Ongi etorri eko-turismoaren garaietara!
Nola bidaiatu bisitatuko duzun herrialdea suntsitu gabe

Duela urte batzuetatik egun arte, low-cost ekonomia ezagutu dugu: arropa merkea, jatetxe merkeak, eta noski, bidaia merkeak. Ondorioz, leku turistikoen masifikazioa jasaten hasi gara azken urteetan; nabarmenak dira adibidez. hilabete honetan bertan ikusi ditugun Everesteko argazki kezkagarria (egun bakarrean ia 300 lagun igo ziren tontorrera) edota Parisko Louvre museoaren egun batzuetarako itxiera. Ez dira bakarrak, eta zoritxarrez, geroz eta leku gehiagok dagoeneko ezin dute turismoaren gainkarga jasan. Hiri edo gune turistikoen masifikazioak, gainera, badu beste alde ilun bat; kutsadura. Urtean milaka eta milaka lagunek bidaiatzen dute munduko txoko guztietara, eta noski, horrek inpaktu garrantzitsua eragin du gure planetan.

Zer egin behar dugu orduan, bidaiatzeari utzi? Ez da beharrezkoa, baina beharbada, gure bidaiatzeko moduaz hausnartu eta hainbat ohitura aldatzeko unea iritsi da. Hain zuzen, beste hainbat alorretan bezala, Internet eta sare sozialen eraginez geroz eta turismo hutsalagoa praktikatzen dugu; leku berdinetara goaz, argazki berdinak egitera eta esperientzia berdinak egitera. Beharbada, bakoitzak benetan gustuko duena aukeratzeko unea iritsi da, eta gozatzeko bidaiatzen hasi beharko genuke, sare sozialak elikatu eta lagunei inbidia emateaz behingoz ahaztuz.

Aldaketarako prest bazaude, beste turismo mota batzuk aurkeztuko dizkizugu:

  • TURISMO SOLIDARIOA: Plazer hutsalagatik bidaiatzeari utzi eta horren ordez, herrialde berriak bisitatu eta aldi berean bertako biztanleei laguntza eskaintzean datza, bolondres lanak eginez, adibidez. Munduko herrialde gehienek dituzte halako programak, dela etxeak berritzeko, errefuxiatuei laguntzeko, janaria banatzeko, lan soziala egiteko, komunitaterako lanak egiteko...

  • TURISMO MANTSOA: Inoiz gertatu zaizu oporretatik bueltatzean opor gehiagoren beharra sentitzea? Lanean bezala, oporraldietan ere azkar batean ibili ohi gara, ahalik eta gauza gehien "ikusi" nahi ditugulako, benetan uneaz gozatu gabe. Baina beste turismo mota bat posible da. Oporretan nekatzeaz nekatu bazara, hurrengoan, saiatu zure inguruko lekuak bisitatzen, eta bisitatzen duzun lekuari eskaini beharrezko denbora, lasai ibiliz; saiatu bertako norbait ezagutzen (Coachsurfing eginez adibidez), dastatu bertako benetako janaria, parte hartu bertako jaietan... eta gozatu uneaz.

  • EKO-TURISMOA: Turismoak izugarri kutsatzen du, onartzea kosta egiten zaigun arren. Bidaiatzeari uko egin nahi ez badiozu baina ingurumena babesteko konpromisoa hartu baduzu, biak bat egiteko aukera duzu. Nola? aktibismo ekologikoa praktikatzen duten proiektuekin bat eginez, adibidez. Elkarte ekologistek ekimen ugari antolatzen dituzten mundu osoko txokoetan; zergatik ez haiekin bidaiatu? Bestalde, garraioa aldatzen saiatu zaitezke, gutxien kutsatzen duten garraio motak aukeratuz.