Nola bermatu bilaketa eraginkor eta kritikoak Interneten?
Digitalki trebea izateko ez da nahikoa teknologiak ezagutzea, komunikatzen jakitea ere beharrezkoa da, baita, kritikotasuna galdu gabe, informazioa kudeatzea ere. Horregatik, Interneten modu eraginkorrean informazio fidagarria topatzea ezinbestekoa da XXI. mende honetan.
Gure egunerokotasunaren zati ezinbesteko bihurtu da Interneten nabigatzea. Horregatik, bilaketa sinple baten atzean dagoen teknologiaren konplexutasuna ez dugu baloratzen. Interneteko bilaketan eraginkorrak eta kritikoak izan daitezen beharrezkoa da fase hauek kontutan izatea:
Bilaketa hasi aurretik
Egin nahi dugun bilaketa planifikatu behar duzu. Argi izan zer aurkitu nahi duzuna. Horretarako alderdi hauek kontutan izatea gomendatzen da:
- Bilaketaren helburua ondo definitua izatea, hau da, zertarako behar duzun informazio hori, zein formatu interesatzen zaizun eta informazioa nola kontrastatuko duzun.
- Bilatzaile mota beharraren arabera aukeratu. Google bilatzaile generiko bikaina bada ere emaitza hobeak eskuratzeko bilatzaile espezializatuetara jotzea da onena. Ondoren, bilaketa osatzeko, beharrezkoa da beste lekuetan, adibidez liburutegi birtualetan ere begiratzea.
- Hitz gako batzuk pentsatu. Honela modu zehatzean azalduko zaizu bilatu nahi duzun horri buruzko informazioa.
Behin bilaketa hasita
Eskuratutako informazioa aukeratzeko erabiliko dituzun parametroak definitzea garrantzitsua da, helmuga zehatzik gabe nabigatu ez dezazun. Emaitzak beti egiaztatu eta kontrastatu egin behar dira iturri eta webgune ezberdinetan. Askotan lehen aukera ez da egokiena. Iturria kontuan hartu behar da, informazioa noizkoa den, eguneratua ote dagoen eta honen kalitatea (gramatika, ortografia, ilustrazioak).
Behin bilaketa amaituta
Zer egingo duzu informazioarekin? Berau ugaria bada informazioa modu erraz eta ordenatuan biltegiratzeko tresnak badaude:
- Nabigatzaileen markagailuak. Nabigatzaile gehienek (Google Chrome, Mozilla Firefox, Microsoft Edge, Safari) interesatutako helbideak modu ordenatuan gehitu eta gordetzeko aukera ematen dute.
- Markagailu sozialak (social bookmarks ingelesez). Tresna hauek sareko baliabideak lokalizatu, etiketatu, gorde, berreskuratu eta partekatzeko aukera ematen dute. Gainera edozein gailutan sinkronizatzen dira.
- Edukien sindikatuak (RSS). Intereseko webguneetatik eguneratutako informazioa jasotzeko aukera eskaintzen dute. RSS-ek (Really - Simple Syndication edo Sindikatu Oso Sinpleak) informaziora sarbide erraza eskaintzen dute.

