NOK: nik nok neu

NOK: nik nok neu https://www.gaztezulo.eus/albisteak/nok-nik-nok-neu/@@download/image/39p10-1.jpg
2004/03/05
erreportajea
Julen Azpitarte
NOK: nik nok neu
Estreinako diskoa argitaratuko du hil honetan NOK taldeak: "Dbkatuak". Paul Erdozia, Lekeitioko Etsaiak taldeko bateria jotzailearen proiektu berria da NOK, eta bertan beste lau kiderekin batera ari da. Gaurkotasun handiko izena boskoteak lehen diskorako aukeratutakoa.

Zaila da NOK taldearen sorlekua zehazten. Bi gipuzkoarrek, bi bizkaitarrek eta nafar batek osatzen dute taldea: Podri eta Laia abeslariek —bilbotarra eta leitzarra, hurrenez hurren—, Miguel gitarra jotzaileak —mutrikuarra—, Joseba baxu jotzaileak —bergararra— eta Paulek berak —lekeitiarra—. 'Lantokia' Amorotoko Musikorta estudioan dute eta bertan grabatu dute "Dbkatua".

Zarataren maitaleak dira guztiak. Iazko uztailean elkartu ziren eta euren arteko 'kimika' onak eraginda, NOK egitasmoa gauzatu da. Baina zer esan nahi du NOK-ek? Paulek eman digu erantzuna: "Esanahi asko izan ditzake hitzak. Geurea, norbera den bezela onartzea da. Gizartearen indibidualismo eta kontroletik at, ni nok neu, soilik soinean dudana naizela onartzea".

Freskotasuna eta indarra
Esan bezala, boskotearen estreinako diskoa labetik ateratzear da. Hardcore-a, punk-a eta metal-a maisuki, baina bortizki, uztartu ditu taldeak. "Gure musikaren ezaugarri nagusia indarra da", dio Paulek. Hala ere, Laia abeslari apartak kantuei eransten dizkien melodiek bereizten dute NOK. "Hasieran, Laia gabe aritu ginen, eta berarekin taldea asko aldatu da; aurkikuntza bat izan da, baita berarentzat ere. Erregistro asko edukitzeaz gain, oso ideia onak ditu. Gainera, gazte menderakaitzen kutsua ematen dio taldeari, 20 urte baino ez ditu-eta", nabarmendu du Paulek. Laiaren freskotasunak eta Podriren indarrak koktel ederra sortu dute, musika eta ahotsen arteko oreka aberatsa sortuz. Hori ondoriozta daiteke "Ni nok neu" izeneko diskoaren aurrerapen singlea entzun ondoren. Adi, taldea denboraldi berriko ezustekoa izan daiteke-eta.